Alfredo Remirez akordio batera heldu da fiskaltzarekin eta ez du espetxera joan beharko

uriola.eus 2017ko ots. 27a, 15:34

Alfredo Remirezek espetxea saihestuko du fiskaltzarekin akordio bat lortuta. Arg: @erreharria

Twitteren @erreharria kontuaren bidez terrorismoa goratzea egotzita atxilotu zuten 2015ean Alfredo Remirez. Gaur zen epaitzekoa Madrilgo Entzutegi Nazionalean, baina saioa hasi baino lehen fiskaltzarekin lortutako akordioari esker saihestuko du espetxean sartzea Remirezek.

Espainiako Auzitegi Nazionalak bi urteko kartzela zigorra, 5 urteko zaintzapeko askatasuna eta 16 urteko inhabilitazioa eskatzen zion, twitterren "terrorismoa goratu eta biktimak umiliatzea" leporatuta. Gaur epaituko zuten Madrilgo Entzutegi Naizonalean, baina epaiketa hasi baino lehen defentsako eta akusazioko abokatuak akordio batera heldu dira, eta Alfredo Remirezek ez du kartzelara joan beharko. Ordea, urte eta erdiko kartzela zigorra eta hamalau urte eta sei hilabeteko inhabilitazioa ezarri diote.

'Armiarma Operazioa'

'Armiarma Operazioaren' hirugarren fasean Alfredo Remirez gain beste hamazortzi lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan. Tartean da Andeka Jurado, zeini urtebete eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten joan den urtarrilean. Aste honetan bertan, beste sei txiolari pasako dira Espainiako Entzutegi Nazionaletik, Remirezi egotzitako antzeko karguekin. Besteak beste, bi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eskatzen diote Cassandra @kira_95 txiolariari Carrero Blancoren inguruko txisteak egiteagatik.

 

[2015-05-19] Alfredo Remirez aske utzi dute

[2015-05-20] Alfredo Remirez: "Guardia zibilek 'ateratzean txiokatu ondo tratatu zaitugula' esan didate"

[2017-01-11] Webgunea eta atxikimendu kanpaina martxan jarri dituzte Alfredo Remirezi babesa agertzeko

[2017-02-24] Alfredo Remirezen absoluzioa eskatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur Bilbo Zaharreko enparantzan