Hego Euskal Herrian 2017an lanean hil den 13. behargina da 62 urteko C.E.V. arrigorriagarra. Bere familiari doluminak helarazi dizkiote gaur goizean Arriagako plazan egin duten elkarretaratzean euskal sindikalgintzako hainbat ordezkarik. Elkartasuna adierazteaz gain, salaketa "gogorra" egin dute. "Zorrotz" exijitu diote bai Lan-ikuskaritzari bai Osalani argi dezatela atzoko lan istripua, eta "erantzukizunak egon behar badira egon daitezela".
Atzoko lan heriotza eraikuntza sektorean eta bereziki erreformen azpisektorean "oso ohikoak" diren istripuekin lotu du ELAko Mikel Etxebarriak. "Gure ustez prekarietatea eta erreformen regularizazio falta dago atzean, eta hori ekidin behar dutenak Administrazioak dira", esan du.
Ez ditu ontzat ematen LABeko Ibon Zubielak EAEn lan heriotzak behera egin dutela dioten estatistikak. "Istripu asko daudelako istripu gisa zenbatzen ez direnak eta beste istripu asko ez direlako estatistika ofizialetan agertzen". Ildo horretan, "errealitatea behingoz ezagutzea" funtsezkotzat jo du Zubielak, irtenbideak ezartzeko. Helburutzat jo du prekaritatea "errotik moztea", prekaritatea baita "elementu giltzarria osasun galera kasu guztietan", bai lan istripuetan bai lan gaixotasunetan.
Horregatik eskatu diete gaur ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE eta HIRU sindikaruek Osalani, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari "lan erreformaren aurkako neurriak" har ditzatela, "lan harremanak gehiago prekarizatu ez daitezen, eta lan egitea gure bizitza eta osasunerako arriskutsua izan ez dadin. Ezin dugu onartu hildako bat gehiago egotea, ezin dugu onartu normaltasunez jasotzea beste hildakoa bat. Egoera jasanezina da, eta ondorioz Administrazioei exijitzen diegu esku-hartzea".
[2017-03-14] Bilbon atzo izandako lan heriotza salatzeko elkarretaratzeak egingo dira gaur