Barau egiteko deia zabaldu dute Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren defentsan

uriola.eus 2017ko api. 7a, 08:45

Argazkia: Berri-Otxoak

Hamabosgarren gose greba egunean eragile, kolektibo, sindikatu eta ordezkarien babesa jasotzen jarraitzen dute hiru ekintzailek Naxako 'elkartasun karpan'. Bihar 24 orduko baraualdian parte hartzera deitu dituzte herritarrak Eusko Jaurlaritzaren "politika murriztaileak" salatzeko.  

Bilboko Udaleko EH Bildu, Udalberri eta Goazen Bilbaoko zinegotziek eta UGT Euskadiko Raul Arza idazkari nagusiak adierazi zieten elkartasuna atzo. Baita Patxo Telleria pregoilariak eta Gisele Felli txupinerak ere Naxako 'elkartasun karpa' paretik pasatzean 20. Korrikako lekukoa eskutan zutela. Hiru grebalariek aurretiaz Jardines kalean astiro baina seguru parte hartu zuten Korrikan. 

Gaur EH Bilduko ordezkari Arnaldo Otegi eta Oskar Matute joan zaizkie bisitan. No tragamos, RGI murrizketarik ez kanpaina egunez egun ari da geroz eta gizarte eragile, sindikatu, talde politiko, kolektibo eta norbanako gehiagoren babesa lortzen. 

Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak (LGS) izan duen %8ko igoera gainerako prestazioetan ere ezartzeko eskatu dute gaurko bisitaldian EH Bilduko kideek. Ildo horretan, 2017ko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan RGI bezala ezagutzen den Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentan (DSBE) %7ko murrizketa ez ezartzeko exijitu dute. 

 

Baraualdia

Hiru ekintzaileak babesteko "barauladi jendetsua" antolatu dute bihar, larunbata, eguerdian hasita, igandeko eguerdira arte. Dagoeneko 50 bat lagunek izena eman dute Naxako A25 Emakumeen Plazan kokatuta dagoen 'elkartasun karpan' baraualdian parte hartzeko. 

Gose grebalariek 15. eguna dute gaurkoa. Bi aste daramate murrizketen aurka hasitako greba mugagabean, ezer jan gabe, ura edanez bakarrik. Eta hala ere, diotenez, "gehiago kezkatzen gaituzte DSBErekin bizirik irauten duten familiek, 63.000tik gora familiek, aurtengo aurrekontuetan prestazioaren zenbatekoa aldatzen ez bada %15 bat gutxiago jasoko duten horiek".

Eusko Jaurlaritzaren 2017rako aurrekontua 11.059,7 milioi eurokoa da, 2016koa baino 66 milioi gehiago. Grebalarien iritziz arrekontu horrekin "ez da DSBEn murrizketarik egin behar, dirua baitago". Dirua ez da falta dena, falta dena borondate politikoa da "egoera prekariagoan den jendea lehenesteko". Esaterako, langabetuak, pentsionistak, lan kontratu prekarioa duen jendea, eta abar. 

Bai lehendakariari bai Eusko Jaurlaritzari "premiazko" deia egin diete "gizarte zibilarekin elkarrizketa-bide bat ireki dezaten lehenbailehen, "egungo murrizketa politika leheneratzeko, eta euskal babes-sistemaren eta Lanbideko bulegoetan egunero ematen den araudiaren urratzearen inguruan elkarrizketa zintzo bat izateko". 

Aurreko egunetan egin bezala, gaur ere, DSBEri buruzko aholkularitzarako mahaia ireki dute. Gune honetatik joan den astean 200 pertsonatik gora pasa ziren Lanbiren kudeaketa "tamalgarriak sortzen dizkien arazoak konpontzeko" zer egin behar duten jakiteko, eta DSBE kobratzen dutenek "pairatzen duten jazarpena salatzeko".

Arratsaldean gose greba babesteko elkarretaratzea egingo dute M15 kolektiboaren eskutik, 18:30etik 19:15era, Jendarte justuago baten alde. DSBE duin bat defenda dezagun lelopean. 

 

[2017-04-05] Gose greba babestu eta Eusko Jaurlaritzak egindako murrizketa salatu dute kolektibo eta sindikatuek

[2017-04-04] Sabin Etxearen aurrean salatu dute Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren murrizketa

[2017-03-29] Seigarren eguna gose greban "murrizketen aurka"

[2017-03-24] Gose greba hasi dute zortzi lagunek Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren murrizketak salatzeko