EAJ eta PSEren aldeko botoekin, eta PPren abstentzioarekin, 2017rako EAEko Aurrekontuak onartu dira gaur Gasteizko Legebiltzarrean. Bertan izan dira Ez dugu irensten kanpainaren baitan 19. gose greba eguna zuten hiru kideak. DSBEren murrizketaren aurkako ia 5.000 sinadura entregatu dituzte Legebiltzarrean. Ondoren bilkura aretoan sartu dira. "Pobretuenen hitza" eraman dute bertara. Ozen oihukatu dute "ez ditugula murrizketak irensten". Berehala kanporatu dituzte.
Gasteiztik Bilborako bidea hartu dute orduan, 19 egunetan euren 'etxea' izan den Naxako 'elkartasun karpan' prentsaurrekoa eskaintzeko. Bertan iragarri dute ehunka lagunek babestuta gose greba, "protesta eta aldarrikapen erradikala", amaitutzat eman dutela. Bide berri bati ekingo diote aurrerantzean, "erreibindikazio-fronte bat" sortzeko DSBEren alde. Oso beharrezkotzat jo dute DSBEren defentsa egitea, gaur aurrekontuen onarpenarekin "demokraziaren historian eman den eskubide sozialen murrizketarik handiena" egin delako. DSBEren zenbatekoa 726 eurotik 624 eurora jaitsiko dute, 90 euro gutxiago "hilabetea amaitzeko gorriak paraitzen dituzten ekonomientzat".
Murrizketarekin "triste" agertu badira ere, "oso pozik" agertu dira egin duten "borrokarekin". Isabel Garcia gose grebalariak esan duenez, orain "gehiago eta indartsuago" dira, eta "hobeto gaude antolatuta".
Maiatzera begira
Gaurkoa, baina, etapa baten amaiera baino ez da. Horregatik adierazi dute DSBEren erreforman "tinko" jarraituko dutela Eusko Jaurlaritza eta talde politikoak "presionatzen". Bide horretatik "eskubideak hobetu eta murrizketak bertan behera utziko ditugu". Jakin badakite, gainera, asko direla. Esparru sozial, sindikal, pentsionistak eta hirugarren sektoreko erakunde guztiek bat egiten baitute DSBEren defentsan.
Maiatzean izango dute hurrengo erronka. Izan ere, orduan ekingo diote legegintza-erreformari, eta orduan exijituko dute berriro ere "bederatzi urteotan inposatutako murrizketak ken ditzatela eta DSBE eskuratzeko baldintzak xamur ditzatela". Finean, "legea benetan bete dadila" eskatuko dute. Horrela bakarrik lortuko da "sistemak ez ditzala sistematik bota milaka familia". Ekintzaileen esanetan, legegintza-prozesu honetan "eskubide baten etorkizuna" dago jokoan. DSBE laguntza "mobilizazioari esker" irabazitako eskubidea dela gogorarazi dute.
Hortaz, maiatzeko legegintza-erreformaren aurrean "indar guztiekin", berriro ahaleginduko dira "eskubide sozialen alde eta murrizketan aurka" egiten.
[2017-04-07] Barau egiteko deia zabaldu dute Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren defentsan
[2017-04-04] Sabin Etxearen aurrean salatu dute Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren murrizketa
[2017-03-29] Seigarren eguna gose greban "murrizketen aurka"