Erabakitzeko eskubidea oinarri hartuta herritarrak aktibatzeko sortu zen Gure Esku Dago herri dinamikak orain arteko lanaren bilketa egin du. Larunbatean plazaratuko du Herritarron ituna izeneko dokumentu mardula. Ez osorik, zati batzuk baino ez. Jasotzen dituen ideia nagusiak, alegia.
2013tik gaur arteko ibilbidean jasotako esperientziak, gogoetak eta proposamenak biltzen dira itunean. Dokumentua, beraz, herritarrek gizarteko eragile desberdinen esku utziko dute, jarraipena eman diezaioten. Sakonera. "Aurrerapausoak emateko". Gizarteko eragile desberdinen babesarekin "itun nazional bat" adosteko. Eta bide horretan Herritarron ituna eta larunbateko ekitaldia giltzarriak izan daitezke.
2018an zenbait galdeketa egin ostean "olatu honen bukaera" iritsiko da. Gure Esku Dagoren orain arteko dinamikaren amaiera, eta fase berri baten hasiera. Aurrera begira "aukera bakarra" aurreikusten dute Gure Esku Dagoko lagunek: "Erabakitzeko eskubidearen benetako egikaritzantz urratsak ematea".
Galdera herrietatik hirietara eta Euskal Herri mailara
2017a "galdeketen urtea" izan da hainbat herritan. Herrietatik, hiriburuetara eta haratago "benetako galdera egiteko ordua" heldu da. "Euskal Herri mailan prest gaude erabakitzeko?" galderari erantzuteko unea. Horregatik, osatu dituzte galdera ikurrak auzoz auzo eta herriz herri herritarrak bilduz Gure Esku Dago lantaldeetako kideek.
Ekainaren 10ean ere galdera ikur erraldoi bat osatzea dute helburu Bilbon, Euskadi plaza eta Eliptika plaza lotzeko. Bizkaitarrek Eliptika plazan izango dute lekua eurentzat gordeta.
Aurretiaz konpromiso txartel eta puxika bana eskuratu beharko dute bertaratzekoak direnek. Antolaketa eta gastuen ordainketa errazte aldera.
17:30ean galdera ikurra osatu ostean, altuera handian paratuko duten kamerak jasoko ditu irudiak, ordubeteko iraupena izango duen ekitaldia hasiko da. "Ez dela aspergarria izango" aurreratu dute antolatzaileek, eta "barre egiteko aukera" ere izango dela.
Ostegunean, balorazioa
Ekainaren 8an, ostegunean, lau urte beteko dira Gure Esku Dago sortu zenetik eta giza katearen erronka aurkeztu zuenetik. Urteurrenaren harira, lau urteko ibilbidearen balorazioa egingo dute prentsaren aurrean lantaldeko kideek eta larunbatean Bilbora joateko azken deia zabalduko dute, mobilizazioaren inguruko xehetasunak ematearekin batera.
Bestalde, bertan proiektatuko da lehenengoz dinamikaren ibilbidearen laburpen bideoa eta lau urteetan egindakoen txostena banatuko dute.
[2017-06-05] Erabakitzeko prest adierazteko GEDk ekitaldia antolatu du larunbatean Bilbon
[2017-05-25] 'Erabakitzeko prest' ekimenean parte hartzeko deia egingo diete larunbatean bilbotarrei
[2017-05-18] Erabakitzeko borondatea Bilboko auzoetara zabalduko dute
[2017-05-1] Deustuko herritarrak erabakitzeko 'PREST'
[2017-05-09] Bilbo "erabakizeko prest" dagoela irudikatzeko hitzordua