Bata besteari hitzaren lekukoa pasatzen

uriola.eus 2017ko eka. 8a, 14:00

Itxaro Bordak ezustean harrapatu ditu Arriaga antzokiko foyerrean bildutako lagunak 8:00etan. Puntu-puntuan hasi da %100 Basque bere liburuaren lehen hitzak irakurtzen. "Bide handiak zailtasun izpirik ez du, baina ez da hautatu behar", esaldiarekin eman dio hasiera 19:00ak arte luzatuko den ekimenari. Klasikoen X. Irakurketari, hasiera bezala, idazleak berak emango dio amaiera. 

Puntualtasuna bere "gaitasunetako bat" dela dio Itxaro Bordak %100 Basque narrazio liburuaren lehengo hitzak irakurri eta bigarren irakurleari, Jon Maguregi Bilbo Zaharra euskaltegiko zuzendariari, txanda pasa ostean. "Hunkituta" dagoela aitortu du gaurko egunarekin. Aspaldian hasi bazen ere Bilbo Zaharra euskaltegiko kideekin ekimena antolatzen, iruditzen zaio ez duela "behar bezala neurtu" horrelako egun batek duen "emozio zama". "Eguna bizitzeraino ezin da konturatu ekintza horren naturaz", gaineratu du. 

Eta ez du lehen aldia. Izan ere, Hendaian Boga Boga liburuaren irakurketa publikoarekin estreinatu baitzen. Orduan ere, "emozioak hartu" zuen ikustean "nola jendea bata bestaren ondotik, kordela etengabea bezala, liburuan aintzinatzen zen bakoitzak bere nortasuna ekarriz". Horrelako irakurketek "oso publiko" egiten dute liburua. Ahots desberdinak, abiadura desberdinak, ahoskera desberdinak, "baina hitzak berdinak ditugu", eta ekimena "oso eder" zaio Itxarori.

Oraingoan ere, lehen pasartearen irakurketatik "emozioa" sentitu du. Atriletik jaitsi eta gero gainerako irakurleak entzuten jarri da: "Korrika batean bezala bata besteari hitzaren lekukoa pasatzen aski hunkitua nagoela aitortu behar dut". 

Ahal badu hitzemanda dauden 400 lagunak entzungo ditu. Gaurko eguna Arriagan ematea erabaki du idazleak, eta "eguna bizitzea bete-betean". Jendearekin egoteko gogotsu dago. "Uste dut zor diola jende guzti horri oso inplikatu baitira". 

Antzoki barruko lana bukatuta plazara jaitsiko dira literaturzaleak erromeria giroan dantza eginez eguna borobiltzera.

 

Iparralde eta Hegoalderik ez balego bezala

2001ean kaleratutako liburua hautatu dute, "batzuen iritziz Iparraldean oso lokalizatuta dagoena", Klasikoen X. Irakurketarako. Idazleak aldiz uste du "Euskal Herri osorako funtzionatzen duela", ez baita bakarrik Iparraldean nekazal sozietate bat, "hemen ere bada". Gainera, bada ere liburuan zati handi bat hiriari lotzen zaiona: "Hiri etengabe bat bezala gara orain, eta horrek laguntzen du edukiarekin identifikatzen. Oso ederra da lotura hori, Iparraldetik honarat, Iparralde eta Hegoalderik ez balego bezala".

 

bilbozaharra.eus

Bilbo Zaharra Forumeko Jardunaldiak: %100 Basque

[2017-06-06] Estereotipoetatik ihes egiteko, '%100 Basque'

[2017-05-18] '%100 basque', euskalduntasuna ulertzeko zenbait modu

[2017-05-09] Itxaro Bordaren '%100 Basque' Bilbo Zaharra euskaltegiaren urteroko irakurraldian