Bilboko alkateak autoz sartzeko bidesariaren proposamena bertan behera utzi du

uriola.eus 2017ko eka. 16a, 16:08

Bilboko alkateak esan duenez, autoz kanpotik datozenak lasai egon daitezke, "esan dezaket neurri hori ez dela egongo martxan jarriko ditugunen artean".

Garraio publikoa sustatu eta jasangarritasuna bermatzeko auto pribatuei Bilbon sartzeagatik kobratzea aztertzen ari zirela ezagutzera eman zuen Alfonso Gil mugikortasun zinegotzi sozialistak aurreko astean. Atzo, ETB1en Bilboko Juan Mari Aburto alkateak, ordea, ibilgailuentzat ordainsari bat jartzeko aukera baztertu dela azaldu zuen. Gilek iragarritakoa, parte-hartze prozesuan eztabaidatuko diren 51 proposamenetako bat dela argitu zuen Aburtok. Esan duen bezala, kanpotik datozenak "lasai egon daitezke, proposamena mahai gainean jarri da, baina aurretik Udalak erabaki behar du horietako zeintzuk aurrera eramango dituen. "Esan dezaket neurri hori ez dela egongo martxan jarriko ditugunen artean".

Gilen arabera, gaizki ulertuak ez du eraginik izan EAJ eta PSEren arteko koalizioan, eta mugikortasun planak aurrera egingo du, aurreikusita zegoen bezala. Alkatearekin hitz egin duela ere gehitu zuen, eta herritarren parte hartzeari ezezkoa ematen ziola ulertu bada ere, "ez da hala izan". Elkarrizketarekin bukatutzat jo du polemika PSEko zinegotziak, eta alkatearen bertsioa ontzat jotzen duela gaineratu du. Haatik, gaur udaletxean frankistek duela 80 urte hildako 14 funtzionarioei egindako omenaldian talde politiko guztietako kideek parte hartu dute, PSE-Ek izan ezik. Gilek bere twitter kontutik, ordea, hildako funtzionarioenganako errespetua eta errekonozimendua adierazi du. Partiduak ez du inolako azalpenik eman izan nahi.

Oposizioa

EH Bilduko Bruno Zubizarretak alkatearen jokabidea gaitzetsi du, "parte hartze prozesuaren hasieran Aburtok martxan jarriko ez diren neurriak erabaki ditu". Koalizioaren ustez, alkateak jarrera inposatzailea azaldu du agerraldiarekin. Goazen taldeko Francisco Samir Lahdouk gaineratu du alkateak bere jarrerarekin Alfonso Gil "desautorizatu" duela.

 

[2017-06-06] Ibilgailu pribatuen erabilera murrizteko plana du aztergai Udalak