Azken Leptospira analisiek negatibo emanda, iItsasadarrerako protokoloa prestatzeari ekin dio Udalak

uriola.eus 2017ko uzt. 5a, 12:09

Bilboko Udalak lasaitasun mezua zabaldu die itsasadarra erabiltzen duten hiritarrei eta enpresei. Uraren analisiak egin dituen lau gunetan ez da ageri Leptospira bakterioaren arrastorik. Hortaz, "alarma hutsak" baztertzeko eskaria luzatu du Aburto alkateak eta gogorarazi du itsasadarra ur gaineko itsas-jardueretarako gune "zoragarria" dela, baina ez dela bainua hartzeko eremua. Udala hasi da itsasadarreko jarduerak burutzeari eta kudeatzeari buruzko protokoloa prestatzen. 

Uraren laginak lau leku zehatzetan –Areatza-Arriaga; Udaletxearen aurreko arrapala; Zubizuri-Salbe-Abandoibarra eta Itsas Museoa– hartu dituzte, alkateak jakinarazi duenez. Izan ere, eremu horietan egiten dira Bilboko itsasadarreko jarduera gehienak. Azterketa horien emaitzaren arabera, Leptospira bakterioaren arrastorik ez dago eta itsasadarra ez da bainua hartzeko eremua, "guztiok lehenagotik genekiena eta behin eta berriz esandakoa".

Laginei dagokienez, guztira, hiru proba analitiko egin direla aurreratu du alkateak, horiek guztiak Eusko Jaurlaritzaren Herri Osasuneko laborategien eskutik, Udalak eskatuta. Horietako bat Leptospira bakterioa topatzeko egindakoa izan da –kutsatutako 5 kasuren eragilea izan zitezkeena eta horietako hiru orain arte baieztatuta–. Aurrekoaz gain, Colis eta Enterococoak topatzeko probak egin dira. Azken hauek dira bainua hartzeko eremuetan egoten direnak.

 

Analisia eta lankidetza

Leptospira agertzea baztertuta, aztertutako lau lekuetan emaitza negatiboa izanik eta beste parametro bien arabera, itsasadarra bainua hartzeko eremua ez dela ondorioztatuta, alkateak Ur Partzuergoarekin berehalako batzarra izango duela iragarri du, izan ere, honako herri-erakunde hau da dagozkien analisiez eta horien emaitzak partekatzeaz arduratzen dena. Gauzak horrela, "Udalak ez du kartelik ipiniko itsasadarrean, ezta sorospeneko zerbitzurik edo bainua hartzeko ordutegirik ere; ez ziren beharrezkoak lehen eta orain ere ez. Hala ere, jarduerak burutu daitezke bertan".

Analisiez gain, itsasadarrerako jarduera- eta kudeaketa-protokoloa prestatzeari eki dio Bilboko Udalak. Horretarako, gaiari lotutako enpresekin, erakundeekin eta herri-erakundeekin lankidetzan ari dira udal teknikariak. Aste honetan bertan, Ingurumen Ministerioarekin batzarra egingo da itsasadarreko eta haren inguruko jarduerak sustatzen jarraitu ahal izateko.

 

Protokoloa

Lehenengo pauso hori emanda, Juan Mari Aburtok itsasadarren eta bertan egiten diren jardueren aldeko Bilboko Udalaren "jarrera irmo eta ausarta" berretsi du. Halaber, ur gaineko itsas-jarduerak burutzeko erabili daitekeela baieztatu du. "Hau da, itsasontzi turistikoak, piraguak edo traineruak orain arte ibili ahal izango dira", gaineratu duenez.

"Urarekin kontaktu minimoa eskatzen duten jolas eta kirol arloko jardueretarako eta bainurako egokia ez dela jakinda", alkateak adierazi du, "hainbat erabilera, arau, baimen eta gomendio jasotzen dituen protokoloa" edukitzeko lanean dabiltza dagoeneko, sustatzaileek eurek jendaurrean horien berri eman eta egon litezkeen erabiltzaileei jakinarazteko.

Aste Nagusiko kukaña lehiaketagatik galdetuta, "ez dugu galeraziko", erantzun du Aburtok. "Udalak egoera zein den azalduko du mundu guztiak jakin dezan". Alkateak "arduratik eta gardentasunetik" jokatzeko beharra jendarteratzea nahi izan du gaurko agerraldian.  

Igeriketako probei dagokienez, –Bilbon orain arte Triatloia eta igeriketako zeharkaldia baino ez dira programatu–, zazpi urtetan, "arazo barik" eta sarritan igerilari adituekin egindako kirol probak izan direla azpimarratu du, "eta ez da ezer gertatu". Jarduera hauen sustatzaileekin bilerak egingo dituzte Udaleko ordezkariek, "jarraitu beharreko protokoloa zehazteko eta Ibaizabalgo itsasadarrean proba horiek azkenean egin daitezkeen egiaztatzeko xedez".

Alkatearen hitzetan "alarma hutsak" baztertu behar dira, "guztiek itsasadarraren irudi onaren alde batera lan egiteko". Itsasadarreko jarduerak burutzeko erabilerak eta gomendioak "argi eta garbi utziko dituzten protokoloak" ezartzeko borondatea agertu du, eta argiro erantsi du "bakterioa agertzea edo infekzioa zorte txarreko kontua izan dela zinez uste dut". Hori dela eta, gaixotutakoei elkartasuna eta laster sendatzeko guraria luzatu die. 

 

Udala iaztik itsasadarreko osasungarritasun arazoen jakitun zela gogoratu dio EH Bilduk Aburtori 

Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak gogoratu du Udalak iaztik dakiela zer nolako arazoak dauden itsasadarrean. "Antzeko kirol proba baten ondoren hainbat kirolariren kexak jaso genituen. Udal gobernuari jakinarazi genion eta ez zuten ezer egin. Deigarria da orain, nahiz eta arazoa ezagutu, Aburtok 'zorte txarraz' hitz egitea".

Ibaibarriagak ardura gehiago eskatu dio alkateari horrelako egoeren aurrean. "Denok uste dugu itsasadarrari erabilera berriak eman behar zaizkiola, baina ez dugu uste arduratsua denik jokatu den moduan jokatzea. Kirolariek denbora asko egin behar dute igerian eta haien segurtasuna bermatu behar da".

"Badirudi presa handia izan dutela itsasadarra luzaroan igeri egiteko leku seguru bezala saltzeko. Hori dela eta ez da ulergarria alkateak 'zorte txarraz' hitz egitea ardura bere gain ez hartzeko", azpimarratu du EH Bilduko bozeramaileak.

 

[2017-06-28] Bilboko Udalak itsasadarreko uraren analisia egingo du