"Hunkigarria da herri honetako pertsonen elkartasuna. Gaurkoa adibide txiki bat da", zioen Oihana Bartra antolakuntza lantaldeko kideak atzo Biba kultur gunean.
Oholtzara igo zen musikarietako bat izan zen Josu Bergara. Gustura zegoen kantaria jendartearen erantzunarekin: "Zein ederra gaurko elkartasun erauntsia. Denon artean gauza itzelak egiteko gai gara. Gora EHZ festibala eta auzolana".
Josu Bergara ez ezik Bibako Aiore&Piti, D´Capricho, Eñaut Elorrieta, Gaizka Peñafiel, Gorka Suaia, Inun, Iratxe Mugire, Jon Gurrutxaga&Keu Agirretxea eta Yogurinha Borova ere entzuteko aukera izan zen atzokoan. Oso musika anitza.
EHZ jaialdiari babesa ematera 80 bat lagun hurbildu ziren. Antolatzaileek pertsona gehiago espero zituzten. Amaieran aitortu zuten egun txarrak direla uztaileko lehen egunak. Jendarteari gogorarazi diote "badagoela kontu zenbaki bat EHZri diru ekarpenak egiteko".
Kamisetak ere salgai paratu zituzten. EHZren kasetearen irudiak, zinta magnetikoa aske duela, elkartasun erauntsiak bezala ez du mugarik ez etenik. Atzo Bilbon, bihar Irisarrin eta Larrabetzun, igandean Izturitzen eta uztarilaren 11n Gazteizera zabalduko dira elkartasun erauntsiaren olatuak.
[2017-07-05] Bilbotik besarkada Lekornera
[2017-07-04] EHZ festibalaren aldeko elkartasun gaualdia antolatu dute bihar Bilbon