Elkartasuna G20aren "errepresioaren aurrean"

uriola.eus 2017ko uzt. 7a, 11:01

Ekainaren 13ko agerraldia

Bi egunez Hamburgon (Alemania) batzartzekoak dira munduko 20 estatu boteretsuenetako buruak (G20). Bilbon, bihar, G20aren aurkako ekimena antolatu dute Herriok erabaki lelopean. 

G20ren gailurrean "herritarronak diren erabakiak gutxi batzuen interesak defendatzeko" hartuko dituztela salatu dute hainbat gizarte eragilek eta sindikatuk. G20ren "diktaduraren kontra esnatzeko", bihar, uztailak 8, Arriaga plazan 19:30ean mobilizazioa deitu dute "G20aren errepresioaren aurrean, gure elkartasuna" adierazteko xedez. Hamburgon bertan Euskal Herriko ordezkaritza bat ari da gaur eta bihar protesta ekimenetan parte hartzen. Bi egunotan, segurtasun neurri handiekin zaindutako luxuzko bunkerretan batzartuko dira agintariak, kalean protesta eta manifestazioak "ixilarazten dituzten" bitartean. 

G20 bezala ezagutzen den gailurra, 1999tik aurrera munduko 20 estatu boteretsuenetako buruek osatzen dute, eta bertan, "munduaren geroari dagozkion erabaki garrantzitsuenak" hartzen dituzte.  

Bertan, politika ekonomikoa, finantzieroa, komertziala, enplegua eta garapenaren inguruan hitz egiten dute. Baita klimaren inguruan ere. Aurtengoan ordea, errefuxiatuen aferak, migrazioen fluxuak eta politika antiterroristak leku garrantzitsua hartuko dute. Iberdrola dorrearen aurrean buruturiko prentsaurrean adierazi dutenez, "gure ongizatea erdigunean edukiko luketen bezala planifikatzen dute gaiordena, ondoren herriok berezko beharko genituzkeen erabakiak luxu guztiez inguraturik 20ren artean hartzeko". Herritarrenak diren erabakiak "gutxi batzuen interesak defendatzeko" hartuko dituztela salatu dute.

Gizarte eragile eta sindikatuen arabera, herriek eta herritarrek horrela, ez dute "inolako erabaki gaitasunik". Bertan hartutako erabakiak, "goitik behera zuzendutako kate baten azkeneko katebegia izatera behartzen gaituzte". Eskema horren baitan "ez dugularik gure erabaki propioak hartzeko gaitasunik".

Baina, herriak gai dira erabakiak hartzeko. "Gai gara, gustuko duguna, ez duguna gustuko, guretzat ona dena eta txarra dena ezberdintzeko eta gure erabaki propioak hartzeko inolako injerentziarik gabe". 

Hortaz, "katebegia izateari utzi, begiak ireki eta kateak hausteko ordua" dela adierazi dute agerraldian: "Herritarrok, burujabetzarako eskubidea exigituko dugu, gaur egun erabakiak hartzeko aukera berdinak ez ditugula kontuan hartuta, erabakitzeko gaitasuna izan nahi dugulako".  

[2017-06-14] G20ren "diktadurari" aurre egitera eta herrien erabakia defendatzera dei egin dute