Iazkoan zalantzazko partida bakarra galtzearren finaletik landa geratu zen eta aurtengoan, arestian esan bezala, dena ongi egitearren iritsi da Bizkaia frontoiko finalera. Hilabete hauetan hainbat modutara entzun dut dena ongi egiten duela, hura ikusita pilotan egitea erraza dela ematen duela edota berebiziko joko puntuan, inoiz baino hobeto zegoela. Aurreikuspen horiekin normalena zen faborito ateratzea igandeko partidarako, apustu artekariak -eta makinak- 100/50 jartzea momioak eta prentsa gehiena, giputzak barne, irabazle moduan kokatzea.
Hori dena jakin arren, hainbat marka gainditzeko sortu den Amezketako gazteak ez zuen presio negatiborik sentitu. Alderantziz, akuilu moduan erabili zuen, botilero jator askoarekin batera, bizkaitarraren dohain horiek. Ongi ezagutzen ditu eta berarenak horiek orekatu eta gainditzeko dituela ere badaki. Jokin Altunaren dohainak, dena azkar, bizi eta ondo egiteaz gain, pilota ikutu, laztandu edo masaiatzen duen bakoitzean harribitxia dariolako eskuetatik. Une eta kokapen egokian ipinitako harribitxia.
Biek ala biek, aurreikuspen horiek kantxaratuz, partida ikusgarria eskaini ziguten Bizkaia frontoian igandeko finalean. Detaile guztietan sartu gabe, jo dezadan Mikelek orokorrean aipatu botereak erabili zituela erasoan bezala defentsan, baina ez zuen kontrakantxako marra bilatu ezkerrez ez airez ez botean, kasik Jokinen eskuan laga zituen. Bigarrenez, berak aurretik agindua izan arren, ez zuen pelota behetik ibili, Altunak airean sartzeko mila aukera izan zituen. Hauxe, nire ustez, partidak izan zuen ildoaren funtsezko gakoa.
Hori eta aurrean zuen azeri geldigaitza. Ez dut gogoratzen, bai kontrakantxako oholtzatik edo ezkerreko txokotik, hain justu iritsi pilotara eta erantzuna txapatik hain erraz jarri duen pilotaririk. Ez da arerioari gaizki jartzea bakarrik, zurtz egina uzten zuelako baino. Sekula inor gutxik egin dituen 'gauzak' egiten ditu amezketarrak eta luzaroan egingo dituelakoan nago.