San Tomas azokak 100.000 lagun inguru erakarriko ditu

uriola.eus 2017ko abe. 21a, 10:50

Bere 70. urteurrenean, San Tomas azokak baserritar eta ekoizleen produktuez eta jendez beteko du Bilbo. Horrez gain, Bilboko Konpartsak goizean goizetik jai eremua girotzen ibiliko dira San Nikolas elizaren ondoan jarritako txosnatik.

San Tomas azokak 276 saltoki izango ditu aurten. Areatzan eta Plaza Barrian kokatuta egongo dira. Bertan, baserritarren, nekazarien eta ekoizleen produktuak salgai egongo dira: barazkiak, gaztak, frutak, txakolina, sagardoa, baserriko ogia, eztia, animaliak, landareak, loreak eta, nola ez, sasoi honetako talo tipikoak.

Urtero bezala, Areatza izango da San Tomasetako azokaren agertoki nagusia. Hori dela eta, Zingira kalearen, Erribera kalearen eta Areatzako Zubiaren artean jai-esparruaren ingurua itxita egongo da ibilgailuen zirkulaziorako, Aste Nagusian antzera.

Areatzako Pasealekuaren jai-esparruan, guztira, baserritarrek egindako produktuak saltzeko 218 postu egongo dira. Bakoitzak 2,50 x 2,50 metroko neurriak edukiko ditu. Plaza Barrian, berriz, baserritarren 58 saltoki jarriko dira. Gainera, Arriaga plazaren ondoan, postu bat ipiniko da Kutxabanken egutegia banatzeko eta kaseta bat jostailuak jasotzeko.

Bilboko Konpartsak

Urtero legez, Bilboko konpartsak goizetik hasiko dira Areatzako jai gunea berotzen. Goizeko 11:00etan emango diote hasiera, eta ordu horretan irekiko da beraien txosna, San Nikolas elizaren aurrean.

Goizean, txosnaren atzekaldean, Bilboko Konpartsen egutegiak salgai egongo dira. Horrekin bat, txerrikien eta ortuarien zozketa, eta indabak edo txerrikia dastatzeko aukera egongo da.

Txosnaren beste aldean, ekitaldientzako eszenatokia jarriko dute. Bertan, goizean, txalaparta-emanaldia egongo da. Horren ostean, bertsolarien txanda izango da. Maialen Akizu, Garazi Navarro eta Oihana Bartra izango dira aurten bertsolariak, eta Iker Uribarren, berriz, gai-jartzailea. Arratsaldean, musikaren txanda izango da. Aurten, Gora Herria erromeria izango da San Nikolaseko eszenatokian.

Garraioa eta segurtasuna

Udalak, inolako arazorik gerta ez dadin, dispositibo bereziak antolatu ditu, bai garraio publikorako, bai segurtasunerako. Metro zerbitzuak maiztasuna berezia edukiko du, eta Bilbobusek, Bizkaibusek eta Euskotrenek linea bereziak jarriko dituzte.

Horrez gain, Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak segurtasun-dispositibo berezia jarriko dute abian. Aste Nagusian egin zuten bezala, Areatzako sarreretan trafikoa mozteko euren autoak jarriko dituzte. Horrez gain, jai eremuan kaleko arroparekin jantzita ibiliko dira.

 

[2017-12-18] San Tomas Azokarako operatibo berezia aurkeztu dute

[2017-12-12] Bilboko Konpartsek San Tomas eguneko egitaraua argitaratu dute