2018a urte berezia izango dela iragarri du Andres Urrutia euskaltzainburuak. Euskaldunen hizkuntza-ohiturak astindu nahi dituen Euskaraldia ekimenak bat egingo duelako Euskaltzaindiaren mendeurrenarekin eta euskara batuaren 50. urtemugarekin.
"Beti euskararen alde eta mesedetan" jardun den Akademia aldatzen ari da Andres Urrutiak adierazi duenez. Aldaketa horiek jendartean ezagutarazteko baliatuko du mendeurrena.
Urrutiak euskalgintzaren "parte aktibotzat" jo du Euskaltzaindia. Izan ere, bere hitzean, hainbat ekimen burutu ditu "gerora gizarteak berenagatu dituenak". Adibidetzat jarri ditu, lehen urteetan Euskaltzaindiak antolatutako Bertsolari Txapelketa Nagusia eta UZEIri edota alfabetatze kanpainei emandako bultzada, besteak beste. "Herriari adi-adi begira egon den erakundeak horretan jarraitzen du egun ere". Eta horregatik egin du bat Euskaltzaindiak, oraingo honetan, euskal hiztunak aktibatzea helburu duen Euskaraldiarekin. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez euskararen erabilera sustatzeko Euskal Herri mailako erronkarekin. "Aurretik aktibatzen bagara askoz hobeto", adierazi du umoretsu euskaltzainburuak. "Ohetik jaiki eta berehala".
Euskaldun direnei Urrutiak eskatu die "abegikor eta ulerkor portatzeko" euskararen mundura etengabe hurbiltzen direnekin. "Ahalegin izugarria" egiten dutela eta "errespetua" merezi dutela azpimarratu du.
Gaurko agerraldian euskara batuaren aldeko hitzak ere luzatu ditu euskaltzainburuak, "batuak euskaldunon arteko komunikazioa bermatzen duelako Euskal Herrian zein kanpoan". Batuarekiko mespretxua uxatzea beharrezkoa da bere aburuz, eta euskara batua eta euskalkiak "aldi berean" erabiltzeko proposamena egin du.
[2017-11-24] Arrate Illaro: "Pausu barria emoteko batu gara Euskaraldian"
[2017-11-23] Inertziak apurtu eta euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko egitasmo handia
[2017-11-23] Zer da Euskaraldia?
[2017-11-23] Euskaraldia, hizkuntza ohituren aldaketan lan egitea helburu duen egitasmoa
[2017-11-23] Euskaraldia, euskerearen erabilerea indartzeko ekimena aurkeztu dabe