"Adarjotzea" iruditzen zaie pentsioak 0,25 igotzeko Espainiako Gobernuaren asmoa, "bizitza 1,2 garestitu denean". Pentsio "duinak" izateko, prezioen igoeraren araberako igoera eskatzen dute, KPIaren araberakoa, hain zuzen ere. Azken urteetan galdutako erosteko ahalmena –2011tik hona, %6,5ekoa– berreskuratzeko modu bakarra dela pentsatzen dute Bizkaiko jubilatu eta pentsiodunek.
Beste behin, Bilboko Udaletxea aldarrikapenez bete dute. Astelehen eguerdiro Udaletxean elkarretaratzea erabaki dute "pentsio duinak bermatuko dizkigun sistema publiko baten defentsan", eta otsailaren 22an Pentsioen Sistema Publikoaren aldeko Estatuko Koordinakundeak egindako deiari erantzunez, manifestazioa egingo dute Udaletxetik Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzara, bertan kontzentratzeko.
Ezinegona eta kezka
Azkenaldian Bilbon eta beste hiri eta herrietako udaletxeetan egin diren elkarretaratzeek argi utzi dute pentsiodunen artean dagoen "ezinegona eta kezka". Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformen arabera, "ezin da alde batera utzi bizitza duina izateko eskubide eta nahia, kontuan hartzen baditugu lan egindako eta kotizatutako urteak".
Horregatik eskatzen dute pentsioen balioaren igoera kalkulatzerakoan "KPIren erreferentea berreskuratzea", Rajoyren gobernuak "inposatutako %0,25 igoera apurtzea" eta Europako Karta Sozialak gomendatzen duenari jarraituz, gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igotzea. "Hori dena gauzatu dadin eta etorkizuneko pentsioak berma daitezen, Gizarte Segurantzako sistema propioa behar dugu", diote Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformek. "Hau da aldarrikatzen duguna, hau da kalean defendituko duguna, hau da Madril, Gasteiz eta Iruñeko gobernuei galdegiten dieguna".
[2018-01-31] Pentsio duinak eskatzeko manifestazioak egingo dituzte
[2018-01-30] Pentsio duinak eskatuz kontzentrazio jendetsua egin dute astelehenean Bilbon