"Dagoeneko" zortzi langile hil direlako

uriola.eus 2018ko ots. 8a, 08:52

Otsailaren 6an Euskaltelek Zamudion duen egoitzaren aurrean eginiko elkarretaratzea - Arg. ELA

Lan istripuek datu lazgarriak utzi dituzte Euskal Herrian urte hasieratik hilabate eskas pasa denean. Bizkaian, egun bakarrean, joan den otsailaren 1ean, lau langile hil ziren. "Egoeraren larritasuna ikusirik", euskal gehiengo sindikalak "lanetik bizirik bueltatzeko eskubidea" aldarrikatzera deitu ditu herritarrak arratsaldean Bilbon. 

Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik Confebasken egoitzara egingo dute manifestazioa, Lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea goiburuarekin. ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuen arabera, "ez dago bizitza galera justifika dezakeen soldatarik". Horregatik gaurko protestaren xede nagusia langileek lanetik bizirik bueltatzeko duten eskubidea aldarrikatzea izango da. 

"Gero eta prekariagoak" dira enpresetan ezartzen diren lan baldintzak, eta lan istripuen "kopuru handia" da horren adierazle. Istripuen ondorioz urte hasi berri denean, "dagoeneko" zortzi dira lanean hildako lagunak. Bereziki gogorra izan zen otsailaren 1ean Bizkaian gertatua. Egun horretan lau behargin hil baitziren. Goizean, errepidean hil ziren bi gidari, euren ibilgailuek elkar jo eta gero, istripuaren kolpeen ondorioz. Arratsaldean, furgoneta batean gasak arnastu eta itota hil ziren bi behargin, atseden hartzen ari ziren bitartean. 

Sindikatuek argiro diote: "Lan istripu horien erantzulea patronala da. Izan ere, langileon osasuna eta bizitza bermatu beharrean, bere diru goseak lehenesten ditu langileon bizitzaren gainetik". 

Prekaritateak hil egiten du. Sindikatuek emaniko datuen arabera, lan istripuen erdiak kontratuen lehenengo bi hilabeteetan gertatzen dira. Ildo honetan, Eusko Jaurlaritzak "honi aurre egiten ez dion bitartean, lan istripuak eta hildakoak izaten jarraituko dugula", diote. 

 

Bukaera gabeko lan-jardunaldiak, azpikontratazioa, atsedenarako toki duin falta 

Prekaritatea "ez da kontratazio kontu soila". Sindikatuen ustez haratago doa. Prekaritatea da "garraiolariek bukaerarik gabeko lan-jardunaldiak izatea, eraikuntzan azpikontrataren azpikontratan lanean atsedenarako toki duinik ez izatea edota gidarientzat lan-tresna den errepidea egoera okerrean izatea". 

 

Manifestazioa

Gaur, osteguna, otsailak 8, 19:00etan abiatuko da manifestazioa Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik –Kale Nagusia 85–. Confebasken egoitzaren aurrean bukatuko da –Kale Nagusia 50–Bertan parte hartuko dute, besteak beste, sindikatuetako idazkari nagusiek.