Egun Estatu espainiarrean hogei bat lagun daude –poetak, rap kantariak, titiriteroak, txiolariak, etab.– euren kontrako espetxe zigor eta isun eskariak noiz ebatziko zain.
Armiarma operazioan, "sare sozialetan nork bere iritzia adierazteagatik", auziperatutako beste 75 pertsona daude. "Horietako asko zigortuak jada". Boro LH tartean. Urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri ostean, "sei hilabeteko kartzela zigorra eta 6.000 euroko isuna ezarri nahi diote manifestazio baten berri ematen ari zela informazio eskubidea defendatzeagatik".
Alfredo Remirez eta Julen Ibarrola euskaldunak dira zigortuetako bi. Atzoko elkarretaratzean zabaldutako informazioaren arabera, Bilbo Zaharrean bizi den Remirez da "sare sozialetan bere iritzia adierazteagatik Estatu espainiarrean kartzelaratzen duten lehen pertsona". Ibarrolak, berriz, "errotulki batekin pintada bat egiteagatik" urtebete espetxean emango du.
Hainbat artistek larrutik ordaindu dute adierazpen askatasun falta. Besteak beste, Valtonyc rap kantariari "bere abestiengatik" lau urteko kartzela zigorra ezarri diote eta La Insurgencia musika kolektiboko 12 rap kantariri bi urteko eta egun bateko espetxe zigorra. Bereziki gogorra da Pablo Haselek jaso dezakeen zigorra, "hamabi urte eman ditzake kartzelan bere abesti eta txioengatik".
Auziperatuetako beste bat da Resistencia Films izeneko ikus-entzunezko artista. Auzitegi Nazionalean epaituko dute "preso ohiak elkarrizketatzeagatik eta bidegabekeriak salatzeko ikus-entzunezko materiala sortzeagatik". Bi urteko espetxe zigorra eskatzen diote.