Emakumeen mundua aldatzeko geldialdia

uriola.eus 2018ko mar. 8a, 09:08

Martxoaren 8ko greba feministaren azkeneko helburua emakumeak geldituz gero mundua geldiaraziko dutela ikustaraztea da. "Zapaltzen gaituen sistema bat sostengatzen dugu eta nazkatuak gaudela argi utzi nahi dugu", diote antolatzaileek. 

Martxoaren 8ko nazioarteko greba deialdia "arrakastatsua" izango dela aurreikusi dute Bizkaiko Mugimendu Feministako kideek. "Inflexio-puntua" izango dela indarkeria matxista, esplotazioa edota diskriminazioa bezalako gaiak jorratzerako orduan. Emakumeen erantzun handia espero dute, besteak beste, "arrazoi asko daudelako greba egiteko", eta "nork bere ahalmenaren arabera egin dezakeelako bat grebarekin". Deialdiak ilusio handia piztu du, eta atxikimendu asko bildu ditu. 

Gaurkoa lan arloko greba den arren, beste hiru ildo jorratzen dituen ezohiko greba ere bada.

Ikasle arlokoa

"Hezkuntza sistemak zapaltzen gaituen sistema hetero-patriarkala erreproduzitzen du". Hori horrela, ikasketa zentroetara ez joateko deia egin dute. Gurasoek baimenak sinatu ahal dizkiete haien seme-alabei, baina egun arrunt bateko jardunaldia ez egitea zentro bakoitzeko zuzendaritzari dagokio.

Kontsumo arlokoa

"Sistema kapitalistak zapaltzen gaitu eta emakumeak kontsumo eredu gisa saltzen ditu". Eta horregatik ez kontsumitzeko deia ere zabaldu dute, egun osoan zehar, baita ostalaritzan ere.

Zaintza arlokoa

"Bizitzaren sostengurako ezinbestekoak diren lanak egiten ditugu, ikusezinak bihurtzen gaituzten bitartean, sozialki albo batera utziz eta gure lanak gutxietsiz". Hortaz, normalean egiten dituzten zaintza lanak ez egiteko deia egin diete emakumeei. Gaurkoan gizonezkoek gure lekua hartu beharko dute eta gure lan ikusezin hauek haiek egin.

Lan arlokoa

"Sozialki gutxi baloratzen diren lanetara atxikitzen zaigulako, gure lanak gutxiago baloratzen delako eta lan baldintza prekarioenak guk pairatzen ditugulako". Arrazoi horiengatik mugimendu feministak lau orduko bi paro egitera deitu du, hainbat sindikatuen babesarekin. 11:00-15:00 eta 18:00-22:00. Gainera, zenbait sindikatuek egun osoko, hots, 24 orduko greba deitu dute. 

Emakumeak protagonista

Martxoaren 8an emakumeak izango dira protagonista, lehen lerroan egongo direnak, eta ez alderdi politiko ezta sindikatuen koloreek. Edozein kasutan, emakume bakoitzak askatasun osoz hobe datorkion ordutegiko paroak egin ditzake.

Gizonak

Mugimendu feministak greba egiteko deia emakumeei bakarrik zabaldu die. "Gizonek emakumeek egunero egiten dituzten lanak bete beharko dituzte, emakumeei grebarekin bat egitera lagunduz". Ekitaldi zein manifestazioetan parte har dezakete, betiere bigarren plano batean geratzeko eskatu diete. 

Bilboko deialdiak

Beltzez janzteko, besoko morea jartzeko eta zarata egiteko tresnaren bat eramateko deia zabaldu dute.

11:00 Unamuno plazatik kalejira feminista.

12:00 Eliptika plazan eserialdia isila.

14:00 Pelota kalean bazkari herrikoia. 

16:00 La Bolsa udaltegian ekintzak Tawir fundazioak, Histeriak kolektiboak eta Biotxerrek antolatuta. 

18:00 Eliptika plazatik kalejira feminista. 

20:00 Jesusen Bihotzetik manifestazioa. 

[Greba feminista_Bizkaiko Mugimendu Feministaren oharra]

[2018-03-08] URIOLA-k ere planto egingo du M8an

[2018-03-06] Grebaren moldeak gaindituko dituen greba

grebafeminista.wordpress.com/bizkaia

@M8EuskalHerria #M8 #GrebaFeminista #m8planto #HuelgaFeminista