Borroka feministaren jauzia

uriola.eus 2018ko mar. 9a, 11:50

Aurreikuspen guztiak gainditu ditu martxoaren 8ko planto deialdiak, milaka emakume mobilizatzeraino. Historikoa izan da emakumeen presentzia eta aldarrikapen bateratua kaleetan. Borroka feministak bere moldeetan jauzia eman du.

Emakumeek mundua gelditzeko hitzordua zuten atzokoan, eta greba deialdiak lan arloan jarraipen zabala izan zuen, batik bat, irakaskuntzan, garraioan eta osasungintzan. Mobilizazioak oso jendetsuak izan ziren. Inoizko jendetsuenak. Bilboko Udaltzaingoaren arabera, 35.000 lagun batu ziren goizean Bilbon eta 60.000 arratsaldean. 

Erantzun zabala ikusita, Euskal Herriko Mugimendu Feministak planto egin zuten andrazko guztiak zoriondu ditu: "Zorionak emakume langile, desjabetu, disidente guztiei. Zorionak emakume borrokalari guztiei. Zorionak gaur beldurra galdu eta kaleetara atera direnei. Lanuzte edo greba egin ezin dutenei baina modu desberdinez grebarekin bat egin dutenak. Gaur denok greba egin dugu". Antolatzaileen esanetan, "hau hasi besterik ez da egin". Bide luzeago baten "abiapuntutzat" jotzen dute 2018ko martxoaren 8a. Izan ere, mobilizazioek argiro erakutsi dute geroz eta gehiago direla "kapitalismo patriarkaletik deskonektatu eta feminismoaren hautua" egin dutenak. "Bizitza duin eta askea nahi dutenak". 

Atzoko zenbakietatik haratago, Mugimendu Feministak egindako lanean eta egiteko dagoenean arreta jarri du. Aniztasuna oinarri, talde eta norbanako askorekin elkarlanean gauzatu da grebaren lanketa, prozesu ireki eta deszentralizatu baten bidez. Eta horrek mugimendu feminista eta bere egitura "biziberritu" ditu. "Tantaz tanta uholde berria osatzen ari gara", esan dute taldekideek. Hortaz, aurrerantzean "Mugimendu Feminista indartsuagoa edukiko dugu". Horregatik bada ere, "garaipentzat" dute atzokoa.  

Aurreikusi moduan, greba ez da greba 'klasikoa' izan. Emakumeek greba egin baitute zaintzan, kontsumoan, ikastetxeetan eta lan-arloan. Hutsuneak utzi dituzte egunerokoan egiten dituzten zaintza lanetan, eta atzokoan askok "lehendabiziko aldiz pentsatu behar izan dute nola arduratu lan horietaz, zer egin umeekin, gaixoekin, pertsona dependienteekin... emakumerik ez badago". Ondorioz, "galdera berriak" sortu dira zaintza eta greba ereduari lotuta. "Ezkututa egon diren gatazkak" azaleratu dira eta proposamen berriak ere agertu dira. Esaterako, haurtzaindegi edo jantoki komunitarioak. 

Zentzu honetan, greba feminista, emakumeentzat, batetik, "autokontzientzia ariketa" izan da eta, bestetik, "praktika kolektiboa eraldatzeko gertaera garrantzitsua". Euskal Herriko Mugimendu Feministaren arabera, "denok ulertu dugu gaur zaintza lanak ezinbestekoak direla pertsona eta lurra bizirik irauteko. Horiek direla sistema ekonomiko osoaren oinarria. Horien ardura birbanatu behar dela argi geratu da, gizon eta instituzioen erantzunkidetasuna behar dela". 

Ildo horretan, etxeko lanaren eta zaintzaren "aitortza sozial, politiko eta ekonomikoa enplegu gisa" aldarrikatu dute. Baita "lan balditzen aldaketa" ere, emakumeek erabakietan baldintza berean parte hartzea ziurtatzeko. Funtsezkoa iruditzen zaie lan mundua bizitzaren beharrei egokitzea, eta ez alderantziz. 

Adierazgarria izan da hainbat sektore feminizatuetan egin den plantorako ahalegina. Jarraipen bereziki zabala izan du emakumeak nagusi diren sektoreetan: zaintza eremuak, garbiketa, irakaskuntza... Antolatzaileen esanetan, datu garrantzitsua da "emakume askok prekarietateak sortzen dien ziurgabetasunari aurre egin, antolatu eta planto egitea erabaki baitute". Izan ere, prekarietatea emakumeek jasaten dute bereziki: langabezia, azpi enplegua, aldi baterakotasuna, partzialtasuna, sexu jazarpena, soldata arrakala… Emakumeek kristalezko sabaia pairatzen jarraitzen dute, eta sektore askotan oraindik ikusezinak dira. 

Kontsumoan ere eragina izan zuen grebak. Saltoki handietan ez kontsumitzeko deia zabaldu zuten, "non eta nola erosten dugun erabakitzeko erantzunkizuna" emakumeen ere badelako, eta "beste kontsumo eredua nahi dugulako, pertsona eta naturaren esplotaziorik gabekoa, gertuko ekoizpena, jasangarria eta burujabea". Erakuslehiotik jauzi egin dugu. Emakumeok ez dugu kontsumo produktu izaterik nahi, ez gara merkantzia, gure bizitzen jabe izan nahi dugu". 

Ikastetxeetan ere, ikasleak eta irakasleak batera mobilizatu dira, "hezkuntza publiko, laiko eta feminista balio heteropatriarkalik gabekoa" exijituz. Tokian toki, ikastetxeetan, unibertsitateko kanpusetan ekimen ezberdinak antolatu dituzte eta mobilizazioetan ikasleen parte-hartzea oso handia izan da. 

Bere balorazioan, Euskal Herriko Mugimendu Feministak aipatu du atzokoa "egun historikoa" izan dela eta mugimendu feministaren "borroka moldeetan jauzi bat" eman dela: "Badakigu emakumeok ezinbestekoak garela, mundua gelditzeko gai garela. Eta beste jendarte eredu bat eraiki arte mugimenduan jarraituko dugu".

 

[M8: Euskal Herriko Mugimendu Feministaren prentsa komunikatua] 

[2018-03-08] Emakumeen mundua aldatzeko geldialdia

[2018-03-08] URIOLA-k ere planto egingo du M8an

[2018-03-06] Grebaren moldeak gaindituko dituen greba

grebafeminista.wordpress.com/bizkaia