Hiru zauritu, lau atxilotu eta porrot bat

uriola.eus 2018ko mar. 16a, 10:00
Argazkia: Iker Elorriaga

Segurtasun-dispositibo berezia ez zen nahikoa izan Athletic eta Olympique de Marseilleren arteko partidaren ingurumarian istiluak ekiditeko. Bi segurtasun-zaindari eta ikusle bat zauritu ziren. Arrisku egoeratik kanpo daude denak.

Ertzaintzak San Mamesera sartu aurretik Olympique de Marseilleko jarraitzaileak miatu bazituen ere, zale frantziarrek hainbat bengala sartu eta piztu ziztuzten futbol-zelai barruan. Azpiko gradara jaurtitako bengala batek ikusle bat jo zuen. Kolpeak eragin zion zauria zenbait punturekin josi zioten. 

Bengalak piztu eta jaurti zituzten Olympiqueko jarraitzaileei aurre egitean zauritu ziren bi segurtasun-zaindariak. Lehenengoak objektu zorrotz batek eragindako zauria du zaman. Arrisku egoeratik kanpo dagoen arren, Basurtuko Ospitalean jarraitzen du. Besteak eskuin eskuko laugarren eta bosgarren metakarpo-hezurrak apurtuta dauzka. Bigarren honi alta eman zioten artatu ostean. 

Bi zaindariei ustez eraso egiteagatik atxilotu zituen Ertzaintzak Olympiqueko hiru zale. Laugarren atxilotua ez da frantziarra. Desordena egiteagatik atxilotu zuten Poza kalean.
 
Athleticek atzokoan ere partidu txarra jokatu zuen. 1-2 galdu ostean, Europa Leaguetik kanpo geratu da. Partidu amaieran ikusleen erdiak baino ez ziren geratzen zelai barruan. Askok atera eta astindu zituzten zapiak, taldearen jokoarekin haserre. Txistuak ere ugari izan ziren.