Bilboko bidegorrien kudeaketari barre egiten dion bideo arrakastatsua

uriola.eus 2018ko api. 13a, 13:25
'Bizikleta eta Bilbo' filmeko fotograma

Bizimunuto bideo lehiaketako Bizikleta eta Bilbo izeneko lan sarituak kritika egiten dio Bilboko Udalaren mugikortasun iraunkorreko politikari. Bideoak sekulako arrakasta izan du Facebook eta Whatsapp sare sozialetan.

Joan den urtarrilean Biziz Bizi Bilboko Hiri Txirrindularien Elkarteak Biziminuto film laburren VI. lehiaketa antolatu zuen. Bertan Bizikleta eta Bilbo filma saritu zuen publikoak bere botoekin. Bideoa sare sozialetan zabaldu du elkarteak, eta jadanik 15.000 ikustaldi izan ditu. Bizikleta erabiltzaileentzat "Bilboko azpiegiturak nola dauden eta bidegorrien egoera zein den" erakusten du bideoak. Konexio gabeko bidegorriak eta bidegorri arriskutsuak ikus daitezke, besteak beste.

Badira bi urte eta erdi udal hauteskundeak izan zirela, eta agintaldiaren hasieran Bilbok Kopenhage bezalako europar hiri bateko bizikleta desplazamendu kopurua berdinduko zuela hitz eman zuen Alfonso Gil Mugikortasun zinegotziak legealdi bukaerako erronka gisa. Biziz Biziren arabera, Bilbok "bizikletan modu seguru batean ibiltzeko azpiegiturak izan barik jarraitzen du".

Giza osasun afekzio lege muga gainditzen duten Estatuko 14 hiriren artean kokatu zuen Bilbo 2016an Espainiako Herriaren Defendatzaileak. 313.000 ibilgailu dira egunero Bilbon sartzen direnak Biziz Bizik emandako datuen arabera. Hortaz, plataformaren iritziz, auzia ez da mugikortasun eredura soilik mugatzen, "osasunari" ere eragiten dion eztabaida baita. Hiri handiagotan, Madril eta Bartzelonan kasu, arazoak larriak dira, baina kutsaduraren aurrean "neurriak hartu dituzte". Bilbon, Udalak emango dituen pausoen zain daude Biziz Biziko kideak, "guztiok nahi dugun hiria izateko erabakiek aurrera egin dezaten". Bilbon bizikletak "mugikortasun jasangarriaren oinarri" izan behar duela defendatzen dute. 

 

 

[2018-01-25] Bizikleta oinarri duten minutuko laburrak