2016ko agerraldi batean amiantoa premiaz kendu beharreko udal eraikinen berri eman zuten udal ordezkariek, amiantodun udal eraikinen azterketa-inbentarioa aurkeztearekin bat. Premiazko esku-hartzea eskatzen zuten eraikinetan amiantoaren zuntzak apurtzeko, aireratzeko eta arnasteko arriskua zegoen. Orduan, ez zen amiantoa daukaten bost ikastetxeen aipamenik egin. Horiek arriskutik kanpo zeudelako Koldo Narbaiza Hezkuntza zinegotziaren esanetan. Ez zuten premiazko esku-hartzea eskatzen, eta Eusko Jaurlaritzarekin –eskola publikoetan inbertsioak egiteko ardura duen erakundearekin– esku-hartzea aurrerago egitea adostu zuen, horretarako egutegia programatuz.
Bost ikastetxe horien izenak ez ziren publiko egin 2016an eta gaur ere ez Hezkuntza zinegotziak Udaleko talde politikoen ordezkarien aurrean eskainitako agerraldian. Narbaizak azaldu duenez, batetik, "adin txikikoez ari garelako, oso eremu sentikorraz, eta horrek arduraz jokatzea eskatzen duelako". Eta, bestetik, 2016an ikastetxeak matrikulazio kanpainan murgilduta zeudelako, eta ez zituelako kaltetu nahi. "Ez da bidezkoa. Amiantoz inguratuta gaude, eta badirudi eskola publikoetan bakarrik dagoela", bota du Narbaizak, eta uste oker hori ez zabaltzeko erabaki zuen Hezkuntza Sailak eskolen izena publiko ez egitea. Izan ere, horrelako kasuen aurrean, eskola publikoetan "matr¡kulazioa jaitsi egiten da".
Narbaizak zehaztu du amiantoarekin ez dagoela "batera arazorik", bost ikastetxeetan teilatupean "kapsulatuta dagoelako", eta ikastetxeetako zuzendaritza taldeek badutela horren berri. Udal teknikari batek, ñabardura eginez, azaldu du guraso elkarte guztiek balitekeela ez izatea amiantoaren berri, elkarteetan "egon ohi diren aldaketengatik", eta iradoki du Arangoitin horixe gertatu dela.
2019an harrotzeko
Eskola publikoetan orain baino lehen amiantoa kendu da. Galdaretan eta laborategietan, esaterako. Goya, Orbegozo Gorostidi eta Zamakola ikastetxeetan esku-hartzeak izan dira amiantoa kentzeko.
Hurrengo, bi ikastetxeetan kenduko da uda honetan. Horretarako "lanean" ari direla aipatu du zinegotziak. Besteak beste, "egitura oso baten aldaketa" egiteko dute. Eta Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin adostuta, hiru ikastetxetan amiantoa kentzeko lanak planifikatuko ditu –2018a bukatu baino lehen kontratazioak eginda izatea aurreikuista dago–, "2019an dena bikain egoteko" eta "harro esateko amiantoa ez duten bakarrak eskola publikoak direla".
Gurasoen informazio eskubidea eta amiantoaren mapa eguneratua
EH Bilduko Alba Fatuartek 2016an informazioa "nahita isilean gordetzea" eta gurasoen informazio eskubidea ez errespetatzea leporatu dio Narbaizari bere hitzartzean. "Gardentasuna izan balitz guzti hau aurreztea zegokeen", Fatuarteren arabera.
Udalberriko Amaia Arenalek Bilboko "amiantoaren mapa eguneratzea" funtsezkotzat jo du, Hernanin edota Ordizian egin duten moduan, eta Amiantoaren pedagogia egitea, alarma pizten denerako. Bestela, "Arangoitikoa bezalako kasuak irteten jarraituko dute".