Datorren urtean udal-hauteskundeak egongo dira, eta alderdiak egun hori prestatzen hasi dira. Beraiekin batera, kazetariak galdetzen hasi dira, eta datorren urtera begira boto-asmoa xedetzat dituzten galdetegiak bata bestearen atzean etorriko dira. Horietariko bat EITBk egiten duena da, eta gaur lehenengo emaitzak jakitera eman dituzte.
Kasu honetan, EAEko hiru hiriburuetako udal-hauteskundeetako boto-asmoa ikertu dute eta Bilbok izango dituen emaitzak argitaratu dituzte. Berriro, eta boto eta zinegotzi kopurua igoz, Eusko Arlderdi Jeltzalea izango litzateke irabazlea. Beraz, Juan Mari Aburto alkatea izaten jarraituko luke, bere abantaila handituz. Azkenengo hauteskundeetan %40a eta 13 zinegotzi lortu zituzten. EITB Focusek %42,7a eta 14 zinegotzi lortuko dituztela adierazi du.
Bigarren alderdia, eta Jeltzaletik oso urrun, EH Bildu dator. Kasu honetan, azkenenego hauteskundeetan lortutako bigarren postua mantendu eta indartuko lukete. EH Bildu bigarren alderdi bozkatuena izango litzateke berriro Bilbon, bere abantaila handituz eta botoen %15,6a lortuz. Zenbaki horrekin zinegotzi bat gehiago lortuko dute, 4tik 5era pasatuz.
Hurrengoak, eta boto-asmoa etengabe galtzen PSE eta PP alderdiak datoz. Sozialistek, %11'5arekin bere lau zinegotziak mantentzeko gai izango lirateke. Popularrek, ordea, 1987tik lehenego aldiz egongo lirateke %10aren azpitik (%9,9). Emaitza horrekin, zinegotzi bat galdu, eta hiru izango lukete. Zinegotzi kopuru berdinarekin Udalberri egongo litzateke, bat gehiago lortuz eta %9,6arekin popularretik oso hurbil.
Egoera latzena Bilbo Irabaziz alderdian daukate. Orain dela hiru urteko gatazka alde batera utzita, Ahal Dugu alderdia Udalberri barruan dago aspalditik, eta zinegotzi barik geldituko lirateke hauteskundeetan %4,3rekin. Beraiekin, boto kopuru handiarekin baina zinegotzia lortzeko nahikorik batu gabe Ciudadanos letorke, %3,5a ematen die EITB Focuseko inkestak.
Politikarien balorazioa
Emaitza hauek bere neurrian jartzeko, beti komenigarria izaten da zein den herritarrek euren politikariei ematen dieten balorazioa jakitea eta politikariak ezagunak ote diren ezagutzea. Nola ez, ezagunena beti alkatea izaten da. Kasu honetan, Juan Mari Aburto %89k ezagutzen dute eta nahiko urrun gelditzen dira beste guztiak Alfonso Gil (PSE) %44k, Aitziber Ibaibarriaga (EH Bildu) %33k, Luis Egiluz (PP) %28k, Samir Lahdou (Irabaziz) %12k, Carmen Muñoz (Udalberri) %10k.
Balorazioan, ostera, gauza bitxiak ateratzen dira. Balorazio onena duena Aburto da, 6'5 punturekin, eta hurrengoa, eta nahiko hurbil, Aitziber Ibaibarriaga dator 6ko balorazioarekin. Gobernuan egon ez den pertsona batentzat puntuazio oso altua da, eta, jakin izan dugunez, ez da izango EH Bilduren alkategaia, Jone Goirizelaiaren eta Joana Marcoarturen artean dagoelako.
Beste alkategai guztiek, ordea, ez dute balorazioa gainditzen. Carmen Muñozek, nahiz eta ezezagunena izan, 4,7ko puntuazioa lortu du, Alfonso Gilek puntuazio berdina lortu du, Samir Lahdouk 4,4 eta azkena, Luis Egiluz 3,7ko puntuazioarekin.