EMA sariak

Egitarau oparoa 'Hamaika Botxo' eguna ospatzeko

uriola.eus 2018ko urr. 11a, 15:15

Larunbatean izango da 'Hamaika Botxo' eguna. Hainbat eragileren artean egitarau zabala prestatu dute eguna ospatu eta Bilboko hiri eredua salatzeko.

 

Umeentzako txokoa, ikuskizunak, antzerkiak, eztabaidak, proiektuen aurkezpenak, herri azoka "erraldoia", janaria, edaria, musika... denetarik izango da larunbat honetan Ripako kaian. Bertan, Bilboko eragile eta proiektu ezberdinek hartuko dute parte, bai egitaraua mamitzen zein euren proiektuak aurkezten.

Eguerdian emango diote hasiera 'Hamaika Botxo' egunari Uribitarte pasealekuan. Bilboko hiri ereduaren eta makroebentoen aurrean "beste Bilbo bat" dagoela erakutsi nahi dute: "modelo honetatik kanpo geratzen garen herritar eta eragileak".

Hain zuzen ere, horiek izango dira eguneko protagonistak. 'Hamaika Botxo' jardunaldiaren ekimena 'Piztu Bilbo, Itzali MTV' dinamikarena bada ere, hainbat herritar eta kolektibo desberdinek hartuko dute parte. Eguneko beste protagonistak eztabaida eta mahainguruak izango dira, hiri ereduaren inguruan hausnartzeko aukera emango dutenak.