BilbaoBizi bizikleta mailegu-zerbitzua eskaerari erantzun ezinik dabil

uriola.eus 2018ko aza. 7a, 10:24

Bilbon mailegu-zerbitzuko bizikleta bat lortzea ez da batere erraza zerbitzu berria martxan jarri dutenetik. Bizikletak hartzeko puntu gehienak hutsik daude eta azken bi aste hauetan izen emate itzela egon dela adierazi dute.

Irailaren 20an BilbaoBizi udal-bizikleten mailegu-zerbitzua aurkeztu zutenetik arazoak egon dira hauek eskuratzeko. Erabiltzaileak etengabe kexu dira eta sare sozialetan egunero ikusten dira argazki desberinetan bizikletak hartzeko puntuak hutsik daudela.

BilbaoBizi 2012tik aurrera Bilbon abian den bizikleten mailegu automatikoaren zerbitzuan erabiltzaile gisa erregistratutako pertsonak 15.623 izan dira. Baina, azken hilabete honetan beste 3.500 pertsonek eman dute izena. BilbaoBizi zerbitzuan 200 bizikleta mekaniko egon dira baina 2018a amaitzen denerako 300 bizikleta elektriko izango ditu; 2019ko urtarrilean 450 izango direla espero da eta bederatzi mailegu-puntu gehiago Bizkaiko hiriburuan.

Beraz, une honetan 200 bizikleta daude bakarrik eta eguneko 24 orduetan hartzeko aukera dago. Alfonso Gil zinegotziak azalpenak eman zituen atzo sare sozialetan. Argitu zuenez, zerbitzuak gainezka egin du: "Bidaiek hazkunde esponentziala jasan dute, parkamena eskatu nahi dizuegu eta hau konpontzen lanean gaudela jakinarazi nahi dizuegu."

 

[2018-11-07 11:05] Ika-mika sare sozialetan udal-bizikleten erabilpenagatik

 

Bilbon bizikletaz zirkulatzen ikasteko ikastaroa

Azaroaren 9ak aurrera Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak duela sei urterik hona Bilbon bizikletaz zirkulatzen ikasteko antolatzen dituen doako ikastaroek jarraituko dute. 12 urtetik gorakoentzat dira (adingabekoek arduradun batekin hartu beharko dute parte) eta galtzadatik modu seguruan zirkulatzen ikastea eta txirrindularien, oinezkoen eta beste garraiobide batzuen arteko bizikidetza ezin hobea lortzea dira helburuak.

Bilboko Udalak doan ematen ditu ikastaroak. Izena emateko Udalaren informaziotelefonora deitu behar da: 010 edo 944 010 010. Eskarian norberak bere bizikletaz ala Bilboko Udalak lagatako bizikleta batekin parte hartuko duen adierazi beharra dago.

IKASTAROEN ORDUTEGIAK

  • Ostirala - 9: 17:00 - 19:30
  • Larunbata - 10: 11:00 - 13:30
  • Ostirala - 16:   17:00 - 19:30
  • Larunbata - 17: 11:00 - 13:30
  • Ostirala - 23: 17:00 - 19:30
  • Larunbata - 24: 11:00 - 13:30
  • Ostirala - 30: 17:00 - 19:30