Kiroldegietako langileek borrokan jarriatzen dute

uriola.eus 2019ko uzt. 4a, 14:07

Ekainaren 27ko grebaren manifestazioa. Argazkia: @ELABilbo

Maiatza erdialdean hasi zituzten lanuzteak kirol lokal eta zelaietako langileek, sektoreko hitzarmena hobetzeko negoziaketek emaitzarik ematen ez zutela ikusita. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek egun osoko greba deitu dute ostiralerako eta datorren astean lau orduko lanuzteak egingo dituzte.

Hitzarmena 16 hilabetez negoziatzen aritu ostean, langileek mobilizazioei eta lanuzteei ekitea erabaki zuten maiatza erdialdean, akordiorik ez zutela lortu ikusita. Langileak “nekatuta” daude lan-baldintzak ez direlako aspalditik hobetu. Patronalaren proposamenean ez dute hobekuntzarik atzeman, eta maiatzaren 23an Bilbon egindako manifestazioan iragarri zuten ez dutela sinatuko “berriz kondenatuko gaituen hitzarmenik”.

Denera, 2.500 langile inguru daude kirol zelai eta lokalen Bizkaiko hitzarmenaren barruan. Udalek azpikontratatutako enpresentzat egiten dute lan (Bilbao Kirolaken kasuan Guedan enpresarentzako) eta sorosleak, monitoreak, garbitzaileak eta sarbide-kontroleko langileak dira.

Gehienek astean ordu gutxiko kontratua dute eta atxikitako eranskinen bitartez luzatu ohi dute lanaldia. Horrek ezegonkortasun handia dakar, ez baitute astero berdin lan egiten, ez eta kobratzen ere.

Gure iturriek esan digutenez, ikastaroetako monitore zein igerilekuko sorosleek orduko 7,2 euro kobratzen dituzte eta ez zaizkie klaseak prestatzeko behar dituzten orduak kontuak hartzen. Gainera, askok ez omen dute legezko atsedenerako aukerarik (igerilekuko langileek, esaterako), eta beste horrenbestek kiroldegiz kiroldegi ibili behar dute, mugikortasun dietarik gabe.

Langileek salatutakoaren arabera, urteak zeramatzaten lan-hitzarmenean ia aldaketarik izan gabe. Borroka eta mobilizazioetarako ohiturarik ez duen sektorea da kirolarena, non langile gehienak denbora baterako bakarrik dauden, eta horrek zaildu egiten du langileak mobilizatzea.

Hala ere, aurten patronalarekin abiatutako negoziazioek atarramentu onik izango ez zutela ikusita, sindikatuek lanuzteak deitzea erabaki zuten. Harrituta geratu ziren langileen erantzunarekin, batez ere gazteenekin. Borrokarekin jarraitzeko motibatuta eta gogotsu daudela esan digute, euren eskariak bete arte. 

Besteak beste, lanorduak eta kontratuak egonkortzea, urteko gehienezko ordu kopurua murriztea, soldatak hobetzea, atsedenak bermatzea, mugikortasun-plusak ezartzea, ikastaroak prestatzeko beharrezko orduak aintzat hartzea eta betetzen dituzten funtzioei dagozkien kontratuak izatea eskatzen dute.

Ekainaren 27an 24 orduko greba burutu zuten. Manifestazioan sindikatuek salatu zuten CEBEK patronala proposamenik gabe joan zela aurreko egunean egin zuten bilerara, eta horrek “asko haserretu” zituela langileak. Horregatik, ostiral honetan ere egun osoko greba deitu dute ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek.Datorren astean lau orduko lanuzteekin jarraituko dute.

Bien bitartean, udalek, enpresa hauen zerbitzua kontratatzen dutenek, “ezikusiarena” egiten jarraitzen dutela salatu dute langileek, eta euren erantzukizuna agerian utzi nahi izan dute.

 

[2019-06-27] Bigarren greba eguna Bizkaiko kiroldegietan