Aste Nagusia azken txanpan sartu da baina ez dirudi Bilboko konpartsetako kideak nekatuta daudenik. Goiza lapiko artean igaro dute, marmitako lehiaketa prestatzen, eta ostean denek elkarrekin bazkaldu dute Areatzan. Arratsaldean konpartsen arteko herri kirol lehiaketaren txanda izan da, gorputza berotzeko. Gainera, bandera urdina eta marroia banatzeko tartea hartu dute. Lehena, Aste Nagusian egindako lana saritzeko, Bilbo Kantari taldeari eman diote. Bigarrena, aldiz, Udaltzaingoari eman diote, gehiegizko presentzia eta jazarpena salatzeko, bereziki ostegun gaueko istiluen harira.
Gainera, beste salaketa bat egiteko elkartu dira gaurkoan konpartsak eta bilbotarrak. Aste honetan bigarren aldiz jarri dute martxan erasoen aurkako protokoloa, ostegun goizaldean jai-gunean emakume batek jasandako erasoa gaitzesteko.
Azaldu dutenaren arabera, gizon batek emakume bat bortizki kolpatu zuen honek berarekin joatea baztertu eta gero. Nagusikeria matxistak eta harrokeria bortitzak larriki kezkatzen dituela adierazi dute, bai eta bortxakeria eta kontrolean oinarritutako maskulinitateaz nazkatuta daudela ere. Horregatik, bortizkeriarik gabeko jai-gunea aldarrikatu dute, emakumeek nahieran gozatzeko.