Alardea "erresistentzia antifaxistaren alde"

uriola.eus 2019ko urr. 11a, 09:16

Larunbat honetan, urriak 12, Hispanitatearen Eguna dela eta, ospatzeko ezer ez dutela adieraziko dute hainbat lagunek Bilboko kaleetan alarde antifaxista baten bidez.

Kale Nagusian zehar desfilatuko dira, "faxisten aurka borrokatzera guda frontera abiatu aurretik Euzkadiko Gudarostearen zuzendaritzapean antolatutako batailoien antzera". Desfilea ez ezik, manifestazioa ere egingo dute, Atzoko eta biharko erresistentzia antifaxistaren alde lelopean. Bihotz Sakratutik abiatuko dira larunbateko 18:30ean, eta antolatzaileek parte hartzeko deia egin dute, batailoietan zein manifestazioan.

Alarde antifaxistarekin gudari eta milizianoak omentzeaz gain "borroka hark bizirik darraiela" gogoratu nahi dute antolatzaileek, eta "faxismoaren hauspo eta oinarria den sistema kapitalista garaitu artean, bizirik iraungo duela" azpimarratu. Horregatik, faxismoaren aurrean "formakuntza, antolakuntza eta borroka" aldarrikatzen dituzte.

Goizean beste ekintza batzuk

Espainiaren egunari aurre egiteko Ikasle Abertzaleek eta Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaiak ere jarduerak antolatu dituzte. Lehenek Herri Eskolak egingo dituzte Errondoko Auzo Etxean eta bigarrenek Gerrarako Eusko Label armak lelopean azoka egingo dute La Najan.