Deskonfinamenduaren 1. fasearekin batera mugikortasun neurri berriak aurkeztu ditu Bilboko Udalak

uriola.eus 2020ko mai. 10a, 20:26

Deskonfinamendu 1. fasearen sarrerarekin batera, Bilboko Udalak mugikortasun eta jasangarritasun arlorako hainbat neurri jarri ditu martxan. 

Deseskalatzearen 1. fasean kokatu zuen Espainiako Gobernuak asteburuan Euskal Autonomia Erkidegoa. Horiek horrela, Bilboko Udalak, fase honekin bat datozen neurri berriak aurkeztu ditu, hirian modu seguru zein jasangarriagoan mugikortasun bat bermatzeko asmoz. 

BilbaoBiziren bizikleten mailegu zerbitzua gaur ezarri dute berriz eta astelehenetik ostiralera soilik izango da martxan, goizeko 07:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte, laneko joan-etorriak egiteko. Bizikletak hartzen dituen pertsona orok eskularruak eta maskara erabili behar izango ditu derrigor. 

Bilbobus zerbitzuari dagokionez, puntako orduetako zerbitzuaren %90era iritsi da dagoeneko. Gainera, linea guztien artean beste 6 igaroko dira zerbitzu osoa ematera: L18-L30-L48-L56-L77-A6 lineak hain zuzen.

Jende pilaketak gutxinetako eta pertsonen joan etorriak errazteko bermatu diren zerbitzuez gain, behin behineko neurriak ere jarri ditu martxan udalak joan den asteburuan, izan ere, 13 eremu ezarri ditu uriko barruti guztietan, oinezkoen joan etorriei lehentasuna emateko. Halaber, semaforoz hornitutako 50 zebrabidetan berde denborak zabaldu dira. 

Azkenik, Bilboko kale guztietako abiadura muga 30 kilometrokoa izateko asmoz, lanean hasi dela azpimarratu du Udalak. Horrek garraiobide guztien arteko bizikidetza hobetzeaz gain, oinezkoen eta bizikleta erabiltzen dutenen segurtasuna areagotuko duela azpimarratu du.

Era berean, TAO zerbitzuak ohiko ordutegia izango du gaurtik aurrera.