Urtarrilaren 28ra arte ezarri zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan birusaren aurkako zenbait neurri berezi, hala nola ostalaritzako lokalak goizeko ordubatean ixtea. Bada, neurriok momentuz bere horretan jarraitzearen alde azaldu da gaur Bilbon Urkullu, "zuhurtasuna" argudiatuta.
Covid ziurtagiriari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak arratsaldean jakinarazi du hainbat leku itxitan sartu ahal izateko dokumentu hori erakusteko derrigortasunak bere horretan jarraituko duela, gutxienez, otsailaren 13ra arte. Orain artekoez gain, hoteletan, turismo ostatuetan eta joko aretoetan ere eskatu nahi du jaurlaritzak dokumentu hori.
Bestalde, urtarrilaren 5ean bertan behera geratu ziren eskola kiroleko jarduerak berriz ere jarriko dira abian asteburu honetatik aurrera, LABIk hala erabakita.
Bilboko datuak
Bilboko kutsatze datuei erreparatuta, azken erregistroan, hilaren 23koan, ikus daiteke intzidentzia tasa 4.122,3koa zela 100.000 biztanleko. Azken egunetan antzemandako kasu positiboek, baina, behera egin dute (494 izan dira). Hala, azken datuen arabera, guztira 94.087 dira kasu positiboak Bilbon.