Badute irudia aurtengo aratusteek

uriola.eus 2022ko urt. 28a, 14:15

Jon Gonzalez Ullibarrik eta Ainhoa Narvaezek egindako kartelak irabazi du lehiaketa. Bilboko urdin kolorea da nagusi otsailaren 24tik martxoaren 1era bitartean ospatuko diren jaiak iragartzeko diseinuan.

"Festa honen izaera lotsabako eta herritarra erakusten du" aurtengo aratusteetako kartelak, udalaren esanetan. Vuelta a los orígenes (Azul Bilbao) da lanaren izenburua (Jatorrira itzulera, Bilboko Urdina). Egileek 2.000 euroko saria eskuratuko dute, epaimahaiak aukeratutako sei finalisten artean beren lana gailendu ostean. Herritarrek emandako botoen (azken erabakian % 75eko pisua izan dute), eta epaimahaiaren iritziaren (% 25a) arabera aukeratu dute lanik onena. Herritarren artean, 4.061 boto eman dira guztira, presentzialki zein online.

Aurtengo lehiaketara 29 lan aurkeztu dira guztira, horietako gehienak Bilbotarren eta bizkaitarren eskutik. Dena den, Euskal Herriko zein espainiar estatuko hainbat tokitatik ere iritsi dira diseinuak: Gasteiz, Nafarroa, Bartzelona, Valentzia, Sevilla, Castelló, Palentzia eta Leon.

Honako hauek dira epaimahaia osatu dutenak: Itziar Urtasun Bilboko Jaietako Batzordeko presidentea eta Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zinegotzia; Asier Abaunza eta Asier González zinegotziak; Imanol González Bilboko Konpartsen ordezkaria; Olga Zulueta BilbaoCentro merkatarien elkarteko zuzendari artistikoa; José Félix Ruiz Bizkaiko Publizitate Agentzien presidentea; Rakel Casado Ros Agentziako Arte arloko zuzendaria; eta Irene Diaz Telebilbao kateko kazetari eta Radio Nervión Taldearen ordezkaria.