"Bilbo anfitrioi bikaina izango da"

Pablo Martínez Canibe 2022ko mar. 25a, 13:05

Saskibaloiaren jaialdi handia izango den Basketball Champions Leagueko final Four aurkeztu dute Guggenheim museoan. Bestalde, final laurdenen eta Bilbon maiatzaren 6tik 8ra arte jokatuko diren final erdien eta finalaren koadroa zozketatu da.  

BCL txapelketa bere amaierara heltzen ari da, eta otsailean iragarri genuen bezala Bilbo final four-eko anfitrioia izango da. Denboraz planifikatzeko eta bultzatzeko asmoz, aurten finalera heldu baino lehen erabaki zuten lekua, eta horregatik, Bilbo izango da ordezkaririk izango ez duen lehen hiria. Gaur bertan, Alex Mumbrú Bilbao Basketeko entrenatzaileak eta Isabel Iturbe taldeko presidenteak aurrera eraman dute final laurdenetako eta final four-eko zozketa.

Bilbora heldu baino lehen, kanporaketa bat jokatu behar dute bizirik mantentzen diren zortzi taldeak. Norgehiagoka horietan bi partida irabazten dutenek, Miribillan jokatuko dute maiatzaren 6aren eta 8aren artean. Cluj Napoca-Ludwisburg kanporaketako irabazlea BAXI Manresa eta Unicajaren arteko irabazlearen aurka jokatuko du final erdietan. Beste aldetik, Hapoel Holon-Strasbourg-eko garailea, Lenovo Tenerife-Tofas-en arteko garailearen kontra jokatuko du.

Aurreko denboraldian jokatu zuen lehen aldiz Bilbao Basketek txapelketa hau. Lehen urteetan ez zuen arrakasta handirik izan Joan Roca ACBko ordezkariak azaldu duen moduan, baina urteekin hau aldatu egin da, eta beste kutsu bat eman diote FIBA-ko txapelketari. Gainera, jokatu diren bost edizioetatik hirutan ACB ligako irabazlea izan du. Beraz, indarra dauka inguruan.

Horrelako ekitaldiak ospatzeko gaitasuna

Txapelketa honek "zale paregabeak" ekarriko ditu nazioarteko ekitaldietarako erakargarria den hirira, Aburto alkateak azaldu duen moduan: "Bilbo prest dago txapelketa hau jasotzeko. Hiri irekia, erakargarria eta atsegina da". Duela hamarkada bat Bilbo nazioartetzeko hasitako planaren barruan sartzen den ekitaldia dela azaldu du alkateak. "Guztion lanarekin lortu dugu geneukan ametsa", gaineratu du.

Ildo beretik jarraitu du Ainara Basurtok: "Bilbok aurretik erakutsi duen gaitasuna du maila honetako ekitaldiak antolatzeko". Egun bereziak izango direla onartu du Foru Aldundiko diputatuak. Bestalde, Turismo Bilbao Bizkaia 2030 planaren barruan kokatu du ekitaldia, eta horrelakoak "antolatzeko kapazak" direla erakutsi behar dutela azaldu du.

Bilbo aldeko apustua

"Plazer bat da leku ikusgarri honetan egotea", onartu du txapelketako zuzendariak. Aurten izango da final four formatua erabiliko den lehen edizioa. Gainera, finala aurretik prestatu ahal izateko, aurretik erabaki dute hiri anfitrioia. Kasu honetan, partaiderik ez duen lekua: "Seguru ikusten gara finala zelai neutral batean egiteko erabakiarekin", azaldu du Cominosek. Gainera, Bilbao Basketi eman nahi izan dizkio eskerrak, taldeak dituen baliabide guztiak haien eskura jartzeagatik.

Aurkezpenarekin amaitzeko, Joan Rocak (ACB-ko ordezkaria) eta Carlos Jiménezek (Espainiako saskibaloi federazioko ordezkaria) txapelketa hau Bilbon izatea "harrotasun" handia dela nabarmendu dute eta bi erakundeen partetik "ahalegin handiena" egingo dutela aipatu dute.

Sarrerak

Datorren astean jada sarrerak salgai egongo dira. Bilbao Basket-ek egindako ahalegina saritzeko, astelehenean eta bi egunetan zehar taldeko bazkideek izango dute sarrerak erosteko esklusibotasuna. 30€-tik aurrera salduko dira jokatuko diren lau partidetarako, eta lehenengo 500 sarrerek %25eko beherapena izango dute. Publiko orokorrarentzat, asteazkenetik aurrera jarriko dira salgai.