Gertatutakoei buruzko azalpena plazaratu nahian deitu zuten atzoko hitzordua, uste baitute zenbait komunikabidek auzokideak kriminalizatu nahi izan dituztela. Hala, aurrekariak aipatu zituzten, nabarmendu zutelarik ez dutela begi onez ikusten halako ekitaldi handiak antolatzearen bidez instituzioek bultzatu nahi duten hiri-eredua, haien balioen aurkakoa baita.
Bestalde, Hapoel Holon taldearen etorreraren harira palestinar herriarekiko elkartasuna adierazteko egindako deialdien zein ekimenen (auzoko tabernetan palestinar bandera jartzea eta abar) zilegitasuna defendatu zuten, eta berretsi zuten sionismoaren aurka daudela. “Ezin izan zuten jasan. Hiru egun hauetan bai udaltzainek bai ertzainek eman dieten zigorgabetasun guztiarekin, igandean terraza baten aurka oldartu ziren, taberna, han zeudenak, alboko ataria, eta terrazako elementu guztiak jaurti zizkieten plazara gehiago joan ez zedin eta plazara irits ez zitezen saiatu zirenei”, azaldu zuten bozeramaleek. Horri lotuta, udalari berariaz eskatu diote erantzukizunak bere gain har ditzala eta auzokideen aldeko eta sionismoaren aurkako jarrera ager dezala.
Auzokideen ordezkarien arabera, badago horrelako gertakarietan atxiloketek, identifikazioek eta isunek sekula ukitzen ez duten espektro ideologiko zehatz bat. Kasu honetan, horren erakusgarritzat jo dute igandean Amets taberna erasotu zutenean Ertzaintzaren ibilgailuak Bilbo Zaharreko plazara sartu izana zuzenean, hau da, auzokideak zeuden lekura, israeldar zaleengana joan beharrean. Bi pertsona atxilotu zituzten.
“Elkartasuna adierazi nahi diegu atxilotu eta identifikatuei, erasotutako bizilagunen elkargoari eta Amets tabernari, sionisten jokabide zigorgabearen kalte latzenak pairatu baitzituen”, adierazi zuten.
Azkenik, auzodefentsan jarraitzeko asmoa berretsi zuten, eta uste dute asteburuan gertatutakoek harrotasun sentimendu hori indartu baino ez dutela egin.