Iker Sastreren ibilbidea nabarmendu dute kirolari eta kluben arteko V. topaketan

uriola.eus 2022ko eka. 1a, 13:40

100 klub baino gehiagoko 500 kirolari inguru batu dira La Casillan. Jarduera fisikoaren eta bizi-ohitura osasungarrien bitartez egiten duten ekarpenari balioa eman nahi izan zaio. 2022an, 596.000 euro bideratuko ditu udalak kluben jarduera eta kirol-ekimenei.

Bi urteren ostean berreskuratu da Bilboko kirolari eta kluben arteko topaketa. 500 pertsona baino gehiago batu dira gaur La Casillako harmailetan. Eduardo Velasco kirol aurkezleak gidatu du topaketa eta berarekin batera Juan Mari Aburto Alkatea eta Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzia ere bertaratu da. 

Berrikuntza bezala, kirolari bilbotar baten kirol-ibilbidea nabarmendu nahi izan da: Iker Sastre, gurpil-aulkiko mahai-teniseko jokalaria. palista bilbotarra, Joko paraolinpikoak jokatzen zituen lehen mahai-tenis jokalari euskalduna bihurtu zen Tokion 2021ean, eta duela gutxi Pariseko nazioartekoa irabazi zuen. Haren hobetzeko, ahalegina egiteko eta konpromisoa hartzeko gaitasuna nabarmendu ditu Udalak. 

Ekitaldian Ares Zamora kirol-psikologoak hartu du parte. Kirolak gizartearen elementu eragile gisa duen garrantziari eta gakoei buruz hitz egin du. Pandemia garaian kirolak garrantzia handia hartu zuen eta hori hain zuzen ere azpimarratu du Aburtok: "Kirolak osasunerako garrantzia handia dauka, ez bakarrik gorputzerako, baita gure bururako ere. Pertsona hobeak egiten gaitu, indibidualetik kolektibora”. Talde kirolarentzako hitzak izan zituen alkateak eta hauen garrantzia eta balioak aipatu ditu: "Ez zait bururatzen dena pertsona bakar baten mende dagoen kirolik. Eta taldea da adiskidetasuna eta loturak, errespetua, bizikidetza, konpromisoa”.

Kirola sustatzeko laguntzak

Aipatutako balore guzti hauek sustatzeko eta kirola bultzatzen jarraitzeko, 2022an Bilbao Kirolak erakundeak 596.000 euro bideratuko ditu hiriko kluben jarduera eta kirol-ekimenak diruz laguntzeko. Kirola eta bizimodu osasungarriko ohiturak sustatzea izango du xede. 

Ohitura osasungarriak zabaltzea biztanle guztien artean, eta, ahal bada, modu dibertigarrian; kirol-ekipamenduak, -instalazioak eta -programak osatzea eta hobetzea, biztanleriaren sektore guztiak eta barruti guztiak kontuan hartuta; ingurumenaren arloko jasangarritasun-ereduak kontuan hartuz lan egitea; eta kirol-eskaintza balioetan oinarritutakoa izatea: unibertsala eta inklusiboa, berdintasunezkoa, berritzailea eta jasangarria.