Datorren urtetik aurrera Errekaldeko saihesbidearen prozesua abiatzeko akordioa sinatu da

uriola.eus 2022ko eka. 22a, 16:59
Gaur egun auzoa goialdetik zeharkatzen duen biaduktua eraitsi egingo dute (Argazkia: Autopista Kanpora plataforma)

Batzar Nagusietan trantsakzio zuzenketa bat adostu dute, bermatuko duena 2023tik aurrera hainbat urteko zuzkidura bideratzea egungo biaduktua eraitsi eta sahiesbidea eraikitzeko proiektuaren lizitaziorako eta idazketarako.

Aurten behin betiko onartu den HAPOan jasotako zereginetako bat bazen ere, apirilean Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatu Imanol Pradalesek adierazi zuen lan horiek itxaron egin beharko zutela. Horrek Autopista Kanpora plataformaren haserrea eragin zuen, eta EH Bilduk, bere aldetik, mozio bana aurkeztu zuen Bilboko Udalean eta Batzar Nagusietan, prozesua lehenbailehen abiatzeko neurriak har zitezen eskatu zutelarik. PPk ere aurkeztu zuen mozioa. Bada, gaur iritsi da EH Bilduren eta Foru Gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE taldeen arteko akordioa.

Bizkaiko Batzar Nagusiek onartu dute 2023ko aurrekontuan autopistaren biaduktua eraitsi eta horren partez saihesbidea egiteko lanak aurrera eraman ahal izateko urte anitzeko zuzkidura txertatzea. Hala, datorren urtetik aurrera hasiko litzateke proiektua lizitatu eta idazteko prozesua. Obra mardula izango da, eta, aurreikuspenen arabera, bederatzi urte baino gehiago itxaron beharko dute errekaldetarrek guztia amaituta egon arte. Gogoan izan behar da berrogei urte daramatzatela eskakizun honekin.

EH Bildu, beraz, pozik agertu da lortutakoarekin, eta Raul Mendez batzarkideak eskerrak eman dizkio urte askoan zehar gai honen bueltan presioa egiten aritu den Autopista Kanpora plataformari: “Errekaldeko mugimendu sozialaren lanik gabe eta egindako mobilizaziorik gabe, ez zen horrelakorik lortuko”.