Aurtengo martxoaren 31n onartu zen Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, besteak beste EH Bilduko zinegotzien abstentzioak ahalbidetuta, eta Pradalesek esandakoa “ezustean” etorri da EH Bildurentzat. Jone Goirizelaiak azaldu duenez, “abstentzio kritikoa” izan zen, gobernu taldearekin zenbait akordio adostu baitzituen koalizioak: “Horietako bat biaduktua eraistearekin lotuta zegoen, eta bazeukan aurrekari bat; Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Udalarekin adostu zuen plan orokorra onartzearekin bat hasiko zirela eraitsi eta beharrezko ingurabidea egin ahal izateko eraikuntza azterlana eta ingurumen azterlana”.
Bada, Bilboko Udalak hitz emandakoa betetzeko exijitu behar duela uste du Goirizelaiak, eta azpimarratu du Errekaldeko bizilagunak 40 urte baino gehiago daramatzatela autopistagatik kexaka eta kutsadura akustikoa zein gasen isuriak bezalako ondorioak pairatzen. “Argi daukadana da akordio hura sinatuz geroztik guk ez dugula iritziz aldatu, eta gobernu taldearekin izandako elkarrizketen ondorioz dakidanaren arabera, haiek ere ez”. Hala, uste du Azpiegitura diputatuak azaldu beharko duela zeintzuk izan diren proiektua atzeratu behar dela adierazteko irizpideak. Izan ere, EH Bilduren ustez aurrekontu faltaren argudioa ez da sendoa, “edo, bestela, gezurra esan dute aipatu izan dutenean aurtengo diru-bilketa ona izan dela eta bide onetik doala”. Horrenbestez, koalizioak uste du borondatea izatea dela gako nagusia, eta maiatzean eztabaidatzeko mozioa erregistratu dute, eta exijentzia izango da 2022ko edo, beranduenez, 2023ko aurrekontuan isla izatea proiektuak.
Autopistaren kasua, Goirizelaiaren ustez, udal gobernuaren politiketan hiriko auzo ezberdinen arteko aldearen adibide da. Gogorarazi du, Errekalderen kasuan, Europako finantzaketa baliatu eta auzoa erdigunearekin eta hiriko gainerako guneekin lotuko duen metroko 4. linea auzora iristeko mozioa aurkeztu ere aurkeztu zutela udalbatzan.
EH Bilduko batzarkide Raul Mendezek ere hartu du parte agerraldian, eta azaldu du Errekaldeko saihesbidea ia zortzi urteko iraupena izango duen obra dela. Horrenbestez, uste du “minutu bat gehiago ere” ezin dutela itxaron prozesua hasteko.
Mobilizazioa hilaren 19an
Pradalesen adierazpenek kezka eragin dute Errekaldeko Autopista Kanpora plataformako kideen artean. Hori dela eta, mobilizazioa deitu dute maiatzaren 19rako, osteguna, biaduktua lehenbailehen ken dezaten aldarrikatzeko asmoz. 19:30ean izango da hitzordua, Errekaldeko plazan.