Urrezko domina lortu du Iker Sastrek Txekiar Errepublikako Openean

uriola.eus 2022ko eka. 27a, 13:04
Iker Sastre dominen sari banaketan (Argazkia: Espainiako Batzorde paralinpikoa)

Urteko laugarren domina eta bigarren urrezkoa lortu du ping-pong jokalari bilbotarrak. Binakako lehiaketan egin du Miguel Angel Toledorekin batera MD4 klasean. Finalean Fabien Lamirault eta Teddy Gaudry txapeldun paralinpikoak 3-0 irabazi dituzte. Banakako lehiaketan final-laurdenetan galdu du Jiri Suchanen aurka.

Egiten ari den denboraldi bikainari jarraipena ematen ari dio Iker Sastre mahai teniseko jokalari bilbotarrak. Munduko txapelketarako sailkapena lortzea du helburu aurten eta asteburu honetan urrezko domina lortu du Txekiar Errepublikako Openean binakako lehiaketan Miguel Angel Toledorekin batera. Urteko laugarren domina da Pariseko Nazioartekoan irabazitako urrearekin eta Montenegroko Irekian lortutako bi brontzeekin batera.

MD4 klasean jokatutako bost partidak gainditu dituzte bera eta bere kideak. Ostiralean jokatutako multzokako faseko lehen partidan 3-1 irabazi zuten Yorick Adjal eta Alan Rene Jean Papirer frantziarren kontra. Bigarren partidan 3-0 gainditu zituzten Oleksandr Yezyk eta Roman Gulyk ukrainarrak eta markagailu bera lortu zuten hirugarrenean Daniel Pauger eta Hans Ruep austriarrak.

Larunbatean, ostiralean erakutsitako joko apartarekin jarraitu zuten finalera heltzeko. Finalerdietan 3-1 gainditu zituzten anfitrioiak. Lehengo bi set-ak irabazi ostean (11-6 biak) hirugarren galdu zuten, baina ez zuten atzerapausorik eman eta 11-9 ko markagailuarekin finalerako txartela eskuratu zuten Jiri Suchanek eta Martin Zvolanek txekiarren aurka. Finalean aurrera pausu handiago bat eman eta Fabien Lamirault eta Teddy Gaudry txapeldun paralinpikoak 3-0 gainditu zituzten.

Munduko txapelketatik hurbil

Banakako txapelketan ezin izan zuen dominarik lortu eta final laurdenetan porrota jazo zuen. Aurretik Roman Gulyk ukrainarra (3-1), Tomasz Jakimczuk poloniarra (2-3) eta Teddy Gaudry frantziarra (3-0) gainditu zituen eta lehenengoa geratu zen taldekako fasean. Hala ere, final laurdenetan ezin izan zuen dinamika mantendu eta 1-3 galdu zuen Jiri Suchanek txekiarraren aurka. Domina lortu ez arren, txapelketan lortutakoak Granadan jokatuko den Munduko txapelketarako sailkapena ziurtatu dio ia.