Aurtengo Frantziako Tourra amaitu da, eta gero eta gutxiago falta da Bilbon hasiko den edizioa heltzeko. Ekainaren 24an lasterketaren 109. edizioa Parisen amaitu zenetik, Ziortza Villa eta Julián Sanz ultrafondistek beren bidaia hasi zuten bizikletaz Euskal Autonomia Erkidegora heldu arte. 850 kilometro egin zituzten Irunera heldu arte, eta horren ostean Donostian, Gasteizen, Amorebieta-Etxanon eta, azkenik, Bilbon gelditu dira. Hiru lurralde historikoetako ahaldun nagusien eta lau herrietako alkateen esker ona eta errekonozimendua jaso dute publikoaren txaloekin batera.
Azken geltokia datorren urteko edizioari hasiera emango dion hiria izan da; Bilbo. Bi txirrindulariak Guggenheim Museoaren plazara iritsi dira. Bertan Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen txaloak jaso dituzte. Ugaotarra eta Durangarra garaikurrarekin batera paratu dira Ongi eTOURri leloaren azpian. Guztira Paris eta Bilbo lotzen dituzten 1.000 kilometroak 48 ordu baino gutxiagotan osatu dituzte.
Bilbora iritsi baino lehen hainbat lekutatik igaro dira. Irundik sartu eta Donostiara joan ziren. Horren ostean, Debaraino joan ziren kostaldean barrena, eta Bergara atzean utzi ondoren, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazara iritsi ziren. Legutio, Otxandio, Dima eta Lemoa izan ziren hurrengo herriak Amorebieta-Etxanon geldialdia egin arte, eta Bilbora iritsi aurretik Galdakao zeharkatu zuten.
Datorren urteari begira
Lasterketa hasteko 11 hilabete geratzen badira ere, Bilbo prestatzen hasi da egun berezi baterako. Hainbat urtetan atera da Frantziako lasterketa atzerriko herrialde batetik, eta hurrengo urtekoa 25. aldia izango da. Aurtengo edizioa Danimarkatik atera da eta kaleak jendez gainezka egon dira. Kontuan hartuta Euskal Herriak txirrindularitzarekiko duen zaletasuna, baliteke irudi hori datorren urtean errepikatzea.
San Mameseko metroaren irteera Frantziako Tourreko karikaturekin apaindu dute eta historian zehar txirrindulari euskaldunek Frantzian lortutakoak irudikatu dituzte. Gainera, urtean zehar Tour egunak antolatuko dituzte 18 herritan zehar. Bilboren txanda martxoaren 26an izango da. Besteak beste, ekimenak, tailer didaktikoak, praktika-pistak eta Tourraren museo bat izango ditu, eta tokian tokiko txirrindulariak eta klubak omenduko dituzte egun hauetan.