Martxoan Uriolan berri eman genuen bezala, Bilbok berebiziko nazioarteko oihartzuna jasoko du uztailaren hasieran, txirrindularitzaren txapelketarik ospetsuenaren abiapuntu bilakatzen denean. Hala, hiriko hotel eta ostalaritza lokalak egun horietan zehar aurreikusten den turista uholderako prestatzen diren bitartean, txirrindularitzarekin zerikusia duten hainbat ekitaldi antolatzen ari dira.
Zentzu horretan, euskal txirrindularitzaren eta Frantziako Tourraren 100 maillot baino gehiagoko erakusketa egiten ari da Zabalgune eraikinean. Txirrindularitzaren zale den Adrián Jimenez Rubio asturiarraren bilduma honek, txirrindularitzako zaleei, eta gizarteari oro har, euskal txirrindularitzarekin eta Frantziako Tourrarekin gozatzeko aukera ematen die.
Erakusketa bi ataletan dago antolatuta. Lehenengoa, ekainaren 1, 2, 3, 4, 8, 9, 10 eta 11n, 10:00etatik 19:30era, euskal txirrindulari eta taldeen eta Itzuliko maillotak eta erlojupeko buzoak erakutsiko ditu.
Bigarrena, ekainaren 16, 17, 18, 22, 23, 24 eta 25 ordutegi berean, Frantziako Tourreko sari nagusietako jertseak (maillot horiak, berdeak, motadunak eta zuriak), proba honetan parte hartu duten zenbait talderen edizio bereziekin batera egongo dira erakusgai.
Jantzi bakoitzak deskribapen labur bat eramango du, txirrindularia identifikatu eta ezagutzeko eta eraman zuen urtea adierazteko. Gainera, Santinik, Tourraren babesle ofizialak, 2023ko edizioko zortzi maillot ofizial utziko ditu, sari bakoitzeko bi.