Gaur, hilak 16, elikaduraren nazioarteko eguna eta elikadura burujabetzaren aldeko ekintza eguna hautatu dute Elikaldiaren antolatzaileek ekintza aurkezteko. La Bolsa eraikinean izan den aurkezpena mundu mailako zenbait daturekin hasi dute: 900 milioi pertsona dira munduan haien elikadura beharrak asetzeko aukerarik ez dutenak, %90ean murriztu da munduko biodibertsitatea eta lantzeko lurren azalera, eta enpresa gutxi batzuk dira lur hauen eta lur hauetan landatzen diren hazien kontrola bereganatu dutenak.
Euskal Herri mailan ere egoera ez da xamurra: kontsumitzen dugunaren %10a baino ez da bertan ekoizten, baserrien %70a galdu da azken bi hamarkadetan eta, adibidez, Nafarroan ekoizten denaren %99a esportatu egiten da, kontsumitzen ditugun produktuek platerera heldu aurretik 2500 eta 4000 kilometro artean egiten dituzten bitartean.
Auzoko kontsumo ohiturak ezagutzen
Testuinguru hau da Kidekoop, Bizilur Elkartea eta beste zenbait norbanako Elikaldia martxan jartzera bultzatu dituena. Aurtengoa elikadura burujabetza eta jasangarria bultzatzeko esperientzia pilotua izango da, Bilbo Zaharra eta Zazpi Kaleetako bizilagunen kontsumo ohiturak aztertu eta eraldatzeko dinamika.
Hainbat jarduera antolatu dira lehenengo Elikaldi honetarako, gehienbat kontsumo talde, saltoki txiki eta tabernetan gertuko eta sasoiko produktuak ezagutu eta kontsumitzera bultzatzeko. Auzoko eskoletan tailerrak, jardunaldiak, bertso dastaketak, deribak, pintxo txapelketak eta beste hainbat ekimen izango dira urriaren 21era arte.
Proiektu handi baten lehen pausoak
Elikaldian jada 120 lagunek, edo Elikalagunek eman dute izena, astean zehar hazten joango den zenbakia. Produktuak identifikatu eta eskuratzeko aukera izango duten pertsonez gain, Elikagune gisa izena eman dute 100 bat taberna eta saltoki txikik, 200 Elikaproduktutik gora eskuragarri jarriko dituztenak. Lehenengo Elikaldi hau Bilbo Zaharrean egingo bada ere, antolatzaileek etorkizunean Euskal Herri guztian zehar zabaltzeko asmoa dute, elikadura burujabetza eta ingurumen jasangarritasuna bultzatzeko. Elikaldian izena emateko edo agenda ezagutzeko, informazioa elikaldia.eus web orrian izango da eskura.