“Euskaraldiaren xaxatzaile” izateko papera aurkeztu du Euskaraldiak

uriola.eus 2025ko ots. 5a, 14:32

Ikastolen Elkarteak, Euskaraldiko lantaldearekin batera, Ikastetxe eta bestelako zentrotan Euskaraldia lantzeko proposamen didaktikoak aurkeztu dituzte. Euskal Herriko haur eta nerabeek Euskararen erabileran jauzi bat egiteko proposamena eramango dute etxeetara.

Maiatzaren 15etik 25era egingo den ariketan, 16 urtetik gorako belarriprest eta ahobiziek eman dezakete izena eman dezaketen arren, 16 urte azpiko herritar gazteek ere zeresan itzela dute euskararen biziberritzean eta erabileran. Hori dela eta, Euskaraldiko lantaldeak Ikastolen Elkarteko kideekin elkarlanean prestatu dute ikastetxe zein bestelako zentroetan ariketa lantzeko materiala, eta proposamen didaktiko horiek aurkeztu dituzte, gaur, Errenteriko Lekuona fabrikan.

Landutako proposamen didaktikoak Euskal Herriko ikastetxe guztietara bidaliko dituztela adierazi du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak, horiek baitira haur eta nerabeak biltzen dituen ingurune naturalak. “Badakigu, gainera, ikastetxe askok oso gustura hartzen dituztela Euskaraldiaren inguruko lanketak” zehaztu du Urkijok, eta eskerrak eman dizkie Euskaraldia euren eremuetan modu horretan sustatzeagatik. 

 

“Xaxatzaile” izateko deia

Beraz, Euskal Herriko haur eta nerabeek egiteko garrantzitsuak dituzte Euskaraldian, bai ariketa bitartean eta baita aurretik ere. Etorkizuneko parte-hartzaileak izateaz gain, euren etxeetan erabileran aldeko ezinbesteko pedagogia egin dezakete, ariketaren nondik norakoak azalduz, eta Euskaraldiak proposatzen duena etxeetan egitera animatuz. Goiatz Urkijok nabarmendu du “Euskaraldiaren xaxatzaileak” izango direla, akuilua erabiliz etxeetan erabileraren aldeko deia egingo dutenak. Izan ere, etxe askotan euskararen berri haur eta nerabe horien eskutik etortzen da.

Euskaraldiaren helburua euskararen erabilera areagotzea da, euskara erabiltzeko aukerak biderkatuz eta hizkuntza ohiturak aldatuz euskaraz gehiago aritzeko. Hori lortzeko, herritar guztiei lehen hitza euskaraz egitea proposatzen die ariketak; eta horrez gain, euskaraz hitz egin ez baina ulertzen duen horri ere euskaraz egitea eskatzen die. Urkijok zehaztu duenez, “bi egiteko modu horiek sustatuz, uste dugu euskararen erabileran pauso handiak eman ditzakegula”.