Hezkuntza sektoreko langileek greba ziklo berriari ekingo diote

uriola.eus 2025ko ots. 14a, 11:49

Urtarrilaren 22ko manifestazioraen irudia

Hezkuntza Saileko irakasle, sukaldari eta garbitzaileek urtarrileko greben ostean, mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek. Hezkuntza Sailak oraindik ez du grebetan aldarrikatutako eskaerei erantzun, eta horrek langileak otsaileko greba berrietara bultzatu ditu.

Urtarrilean Hezkuntza Sailean deitutako grebek babes zabala jaso zuten langileen aldetik, eta sindikatuek positiboki baloratu dute parte-hartzea. Hala ere, Jaurlaritzak ez du oraindik grebetan planteatutako eskaerei erantzun, eta horrek otsaileko greba ziklo berriari hasiera ematea ekarri du.

Otsailaren 19 eta 20an sukalde eta garbiketa langileek egingo dute greba, eta otsailaren 26 eta 27an, berriz, irakasleek. Grebetan aldarrikatzen diren puntu nagusien artean daude: plantillak gazte-berritzeko neurriak, eros-ahalmenaren berreskurapena, enpleguaren bermea, lizentzia eta baimenen hobekuntzak, eta osasun, euskara eta hezkidetza arloko hobekuntzak. Irakaslegoari dagokionez, irakastorduak murriztea eta burokrazia gutxitzea eskatzen da, eta sukalde eta garbiketa langileei dagokienez, funtzioen zehaztapena, kategoriak egokitzea eta pribatizazioari mugak jartzea.

 

Mobilizazioak eta elkarretaratzeak

Langileek mezu argia bidali diote Hezkuntza Sailari, baina erantzunik gabe jarraitzen dute. Horregatik, sindikatuek greba dinamikarekin jarraitzea eta kaleak betetzea deitu dute, lan baldintzak hobetzeko negoziazio erreala lortu arte.

Otsailaren 18an, arratsaldez, hainbat herri eta hirietan elkarretaratzeak egingo dituzte, eta Bilbon Delegaritzaren aurrean elkartuko dira 17:30ean.

 

Otsailean tinko jarraitzeko deia

Langileek indar handiz jarraitzen dute mobilizazioetan, eta sindikatuek deialdia egin dute guztiek grebetan eta kaleetan parte hartzeko. "Bikain ari gara langileok, indartsu gaude!" aldarrikatzen dute, eta argi dute mobilizazioekin jarraituz gero, lan baldintzak hobetzeko negoziazioa lortuko dutela.