Emozioz altxatu du kopa Bilbao Basketek

uriola.eus 2025ko api. 25a, 21:00

Alaitasunez jaso dituzte zaleak Bilboko Udaletxean Bilbao Basketeko jokalariak. 25 urteren ondoren, Bilbao Basketek bere lehen titulua ospatu du.

Bilbao Basketek FIBA Europe Cup txapelketako finala apirilaren 23an PAOK Salonikaren aurkako jokatu ondoren, bere sorreraren 25. urteurrenean txapelduna izan da. Nahiz eta finaleko partidua bi puntuko aldearekin galdu, joaneko neurketan lortutako zazpi puntuko aldeari esker, eta sufritu ostean, kopa altxatzea lortu dute, historiako lehen titulua bereganatuta.

Bilbok gaur ospatu du Bilboko Udaletxean lehenengo, eta Bizkaiko Foru Aldundian ondoren. Txapeldunak iritsi baino lehen, Hirukoa taldeak giroa berotzen hasi du ke pote gorria eta beltzarekin, banderak alde batera eta bestera mugituz eta oihuekin.  

Arratsaldeko 18:00etan Isabel Iturbe klubeko presidentea, Jaume Ponsarnau entrenatzailea eta Xavi Rabaseda kapitaina koparekin ailegatu dira jokalariekin batera. Ponsarnauk bufanda jantzi dio Jan Mari Aburto Bilboko alkateari eta elkarrekin igo dituzte udaletxeko eskailerak, argazkia atera ondoren.

Aurreskuarekin jaso dituzte  txapeldunak Arabiar Aretoan, eta Aburtok, Iturbek Ponsaranuk eta Rabasedak hartu dute hitza, eta “beltzezko gizonen” lana goraipatu dute. Orain dela lau hilabete areto horretan bertan  Bilboko enbaxadore izendatu zuten Bilbao Basket taldea urteetan zehar egindako ibilbide sendo eta komunitateari egindako ekarpenagatik, eta gaur, hilak 25, euren lehenengo titulua ospatzera igo dira.

Ostean, balkoira ateratzeko unea iritsi zaie jokalariei, zaleak agurtzeko eta euren babesa eskertzeko. Bufandak astindu eta beraiekin batera abesten egon dira gelditu barik. Ekitaldia amaituta, klubeko plantilla eta zuzendaritza autobusez joan dira Bilboko erdialdeko kale nagusietan zehar hurrengo geralekuraino: Bizkaiko Foru Aldundia.

Erlazionatuak