Lan esparruko azken heriotzaren erantzule azpikontratazioa dela diote aho batez sindikatuek

uriola.eus 2014ko ira. 2a, 15:48

Arangoitiko obran atzo hil zen 49 urteko Juan Jose Bodeguero langilearen heriotza azpikontratazio sistemari leporatu diote sindikatuek ahoz batez gaurko bi protestaldietan. Osalani gertatua "sakon" eta "zehatz" ikertzeko eskatu diote eta erakunde publikoei lan baldintzen gaineko araua aldatzeko eta kontrol neurriak zorrozteko. Horretarako Gipuzkoan indarrean dagoen foru araua izan daiteke "bidea" LABen iritziz, "arau perfektua izan gabe, gutxiengo baldintzak ezartzen ditu enplegu eta lan baldintzak hobetzeko". Bilboko Udalak elkarretaratzea deitu du bihar -asteazkena- 12:00etan udaletxeko eskaileretan.

Done Petri plazan 11:00etan 100 pertsona inguru elkartu dira ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuen deialdiari erantzunez.

Lan istripuak "geroz eta larriago eta gehiago dira" ELA sindikatuak salatu duenez. "Guztiz onartezina", Leire Heredia ELAko kideak adierazi duenez. Krisia dela eta, eraikuntza sektorea "makal" dabil, baina datuak "ez dira batere onak". "Abuztutik hona sei hildako izan dira, hiru eraikuntza sektorean, azpikontratetan izan dira". ELAren ustez azpikontratetan lan baldintzak ez dira zaintzen eta horrek langileriaren osasunaren kaltea dakar, kasu honetan beste hildako bat izan da". Herediak lan osasun eta segurtasunean "benetako politikak" eskatu dizkie Patronalari zein erakundeei, "politika berriak". Erakundeek istripuen "estatistikak hobetu direla diote", baina ELAren esanetan "ez da egia".

Heriotzak "lan baldintza txarren ondorio baino ez dira" LABeko Ibon Zubielaren hitzetan. 2014ko balorazioa, 30 heriotz lan istripuetan, "ezin okerragoa" da. Bere aburuz Patronalak behartzen ditu enpresak baldintza txar horietara eta erakunde publikoak baldintza horien "konplize" dira. "Ezagunak dira San Mames Barriko obretako baldintzak, 12 orduko lan jardunaldiak, probintzia mailako lan hitzarmenaren azpitik dauden baldintzak, prebentzio neurri gabe". Guzti horrek, batez ere, azpikontratetako langileak "ekintza sindikalerako gaitasun batere gabe edota oso gutxirekin" uzten ditu, "sasi esklabutza egoera onartzera behartzen ditu". LABen ustez Patronalak egoera hori baliatzen du. Oposizioren bat aurkituz gero "hurrengo egunean obratik kanpo uzten du azpikontrata eta beste bat eramaten du; Portugal, Rumania edo edonongoa".

Asko dira LABentzat lan baldintza txarren adibide. Aurretik aipatutako San Mames Barriaz gain, Super Sur, ATH, Bilboko Udaleko handitzea, BEC... Horregatik "modelo aldaketa" eskatu die erakundeei Zubielak. Eseri daitezela hitz egitera eta "akordioren bat adostu dezatela langileriaren lan eta bizi baldintzak hobetzeko". Jarrai daitekeen bidea, "sakondu beharrekoa" oraindik orain, Gipuzkoako foru araua da. "Arau perfektua izan gabe, hobetzekoa badu, "gutxiengo baldintzak ezartzen ditu enplegu eta lan baldintzak hobetuz". Arau horrek "ondorio zuzena du langileen herritarren osasun eta bizimoduan".

STEE-EILAS sindikatuaren arabera lan istripuak "saihes daitezke neurri zuzentzailek hartuz". Joakin Akarregik erantzukizuna duten erakundeei eta Patronalari "neurriak har eta beterazteko" eskatu die. "Heriotzaren atzean prekaritatea dago eta hori eragiten duena da azpikontratazio sistema. Hori bukatu eta espero dugu heriotza gehiago ez izatea lanean".

Eguerdian 30 bat pertsona inguru batu dira Done Petri plazan CCOO sindikatuaren deiari erantzunez. Bizkaian eraikuntza sektorean ordezkaritza handiena du CCOOk. Euskadiko Osasun arduradun Alfonso Riosek "dramatiko" gisa baloratu du udaren azken zatia eta Osalani eta Lan Ikuskaritzari "ikerketa ahalik eta zehatzen egitea eta enpresek duten parte-hartzea zehaztea" eskatu du. CCOOrentzat "oraingo honetan ere" azpikontratazioa izan da lan istripuaren arrazoia. "Enperesek etekina bilatzen dute eta segurtasun eta prebentzio neurrietatik kentzen dute dirua, eta hori da arazorik larrienetakoa une honetan".

Bilboko Udaleko Bozeramaileen Batzordearen adierazpena

Bilboko Udalak, udal taldeen bozeramaileen bitartez, honako adierazpena egin du:

1. Udalbatzak bere elkartasuna agertu nahi die atzo Arangoitiko eraikuntza-lan batzuetan izandako lan-istripuaren ondorioz hil zen 49 urteko Juan José Bodeguero langilearen familiartekoei, lankideei eta adiskideei.

2. Udalak, Euskadiko lan arloko agintaritza den Osalani, bitarteko guztiak jar ditzala eskatzen dio, gertatutakoa argitzeko eta beharrezko neurriak hartzeko kasu honetan, bide judizialera jota beharrezkoa bada.

3. Era berean, berriz adierazten du ezinbestekoa dela langileen osasuna eta segurtasuna babesteko neurri guztiak bermatzea eta enpresen eta administrazioen eragile guztien inplikazio handiagoa behar dela neurriotan.

4. Langilearen heriotza dela eta, Bilboko Udaleko bozeramaileek  dei egiten diete herritarrei, bihar, eguerdiko 12etan, Bilboko Udaleko eskalinatan egingo den Elkarretaratze Instituzionalean parte har dezaten.

[2014/09/02] Sindikatuek bi elkarretaratze deitu dituzte Arangoitiko lan istripua salatzeko

[2014/09/01] Behargin bat hil da Arangoitin lan istripu batean