Urrian Bilbo-Artxanda A3216 autobus linea etengo du Bizkaibusek. Garraiobide horren erabiltzaileentzat "lantzadera" zerbitzua ezartzeko aukera aztergai du Bilboko Udalak. Gaur Artxanda plataformak adierazi duenez Asier Abaunza zinegotziaren hitzak "globos onda" dira, eta "zehaztasuna falta" dute. Horregatik eskatu diote "aurreikuspen gehiago izateko eta autobusaren erabiltzaileekin hitz egitera jesartzeko".
Izatez, gaur egun "lantzadera zerbitzua ematen duten autobus lineak egon badaude" plataformako kideek jakinarazi dutenez. Hiru linea, hain zuzen ere, Artxandako funikularrarekin lotura egiten dutenak. Hortaz, Udalak proposatu duen lantzadera proiektuak "ez du egungo zerbitzua emango, eta jende asko autobus gabe geratuko da", Joseba Gonzalez Bizkaibus erabiltzailearen arabera. Santa Marinako autobusarekin egin den bezala jokatzeko eskatzen diete Artxanda plataformako kideek Bilboko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari. Kasu horretan, bi erakundeen arteko akordioari esker lortu da linea mantentzea.
Zazpi egunetan sinadura piloa
Gaur, 10:00etatik 12:00etara bitartean, 1.000 sinaduratik gora lortu dituzte. Joan den igandean Areatzan beste horrenbeste. Atzo, 5.500 sinadura zenbatu zituzten, eta "3.000 gehiago daude jasotzeke". Sinadura orriak han-hemenka banatu ditu Artxanda plataformak A3216 autobusaren ohiko eta nohizbehinkako erabiltzaileen artean. Hurrengo astelehenean, irailak 15, Artxandako Txakolinean (19:00) egitekoa den bileran zenbatuko dituzte orri guztiak eta orduan emango dute jasotako atxikimenduen berri.
EH Bilduk lantzaderaren ezaugarriak erabiltzaileekin adosteko exijitu dio Abaunzari
Garraio zinegotzi Asier Abaunzaren agerraldia eskatu du EH Bilduk A3216 Bizkaibusaren linea Bilbobusek kudeatutako lantzadera batengatik ordezkatzeko hartutako erabakiaren berri emateko. Helena Gartziaren ustez, Abaunzaren agerraldia lehenbailehen izan behar da hiritarrek, bizilagunek, Artxandan kokatutako zerbitzuen erabiltzaileek, ostalariek eta garraietako enpresen langileek "azalpenak behar dituztelako" eta zinegotziak plataformak eskatutako bilerari "erantzunik eman ez diolako".
[2014/09/08] Artxandako autobusa mantentzearen aldeko sinadura bilketa Areatzan
[2014/09/05] Artxanda plataforma: "Ez dezagun busa gal"
[2014/09/04] Santa Marinako autobus zerbitzua bermatuta, Artxandakoa ziurtatzea helburu