10:00etan emango zaio hasiera Urtzi Martinez eta Jon Telletxea grebalarien aldeko elkartasun Askeguneari. URIOLA.INFOk egun osoko jarraipen zuzena eskainiko du. Albistearen barruan informazioa era kronologikoan eskuratuko duzue.
Amaitutzat eman dute Elkartasun Askegunea. Grebalariak Aske! plataformako kideek eskerrak eman dizkiete Done Petrira bertaratu direnei. Ekimenari amaiera emateko "Internazionala" eta "Eusko Gudariak" kantatzea erabaki dute. Plaza jendez hustuz joan da.
Hirugarren atxilotu bat izan da, kamiseta urdineko mutil bat, kotxean eraman du bizkor Ertzaintzak. Bigarren atxilotua, berriz, aske utzi dute, baina ez diote plazara sartzen utzi.
Elkartasun Askegunea apurtu du hirugarrenean Ertzaintzak eta plazan pasiloa ireki du. Bigarren pertsona bat atxilotu du, Jabier Montiagudo deustuarra. Eskailera kokatu dute kioskoan. Urtzi eta Tellerekin hitz egin du agente batek. Ez dira berehala jaitsi. Urtzik txalo egin du, ukabila altxatu du eta eskaileran behera egin du. "Aupa Telle" esan dio bere kideari. Eskuak bizkarrean lotuta atera dute plazatik. Tellek plazan batu direnei txalo eginez eskertu die jasotako babesa. Eskaileran behera egin du eta Ertzainek besoetatik heldu diote. Minez kexaka eraman dute furgonara.
Hirugarren saiakeran heldu da Ertzaintza Done Petriko kioskora, bultzada artean, lau lerroko zutabea osatuz. Elkartasun harresiko lehen lagunekin enfrentamenduak izan dira, eta Ertzaintzak mutil gazte bat atxilotu du. Tira-biran, neska bat lurrera jausi da.
Ertzaintzak bigarrenez egin du plazan sartzeko saiakera. Ezin izan dute kioskora iritsi. Herritarren harresia ezin izan dute apurtu. Berriro ere atzera egin dute. Orduan plazan sakabanatu dira, lerroa osatu dute eta elkartasun harresian ez dauden pertsonak aterarazi dituzte. Tartean, komunikazio gunea hustu dute.
Ertzainek oharra eman dute, atxiloketa ez oztopatzeko eskatuz. Eskailera atera dute, Urtzi eta Telle kioskoko teilatutik jaisteko, baina ez erabiltzea erabaki dute. Bi zutabetan antolatu eta plazan sartu dira. Elkartasun harresiko herritarrei pasiloa egiteko eskatu diete, eta horiek "denok gara grebalariak" oihu eginez erantzun diete. Ertzaintzak ezin izan du Done Petrin sartu jendetzagatik, elkartasun harresiak lehenengo enbatari eutsi dio. Agenteek atzera egin dute.
14:00etatik aurrera tentsioa areagotu da. Agirre lehendakariaren etorbidea moztu du Ertzaintzak. Txistuak, txaloak eta oihuak Ertzaintzaren 26 furgona Done Petrin agertu direnean. Istiluen aurkako agenteak dira. Herritarrek bizkar eman diete eta "Internazionala" abestu dute. Urtzi eta Tellerentzako animo oihuak etengabeak dira.
Urtzi eta Telleren mezua irakurri dute. "Beste eredu sozioekonomiko baten alde kalean borrokatzeagatik atxilotu gintuzten. Euskal Herri libre, sozialista eta feminista bat eraikitzen genbiltzalako. Eta horretan jarraituko dugu, desobedientziaren aldeko hautua egin dugu. Bide hau hartu dugu ez ditugulako instituzio arrotz hauek legitimatuko, justiziaren eta legearen artean justizia aukeratzen dugulako".
Mosaikoa irudikatuko dute Done Petri plazan. Urtzi eta Telleren izenak irudikatu dituzte hizki erraldoiekin. Ozen entzun da ehunka herritarren oihua: "Urtzi, Telle, herria zuekin".
"Grebalariak aske" izeneko abestia kantatu dute Endika La Haine eta Gorka Suaia musikariek. "Urtzi eta Telle aske! Eta epaituak izaten ari diren grebalari guztiak ere aske!", esan dute emanaldia bukatzean. Done Petri plazan dauden ehunka herritarrek txalo zaparrada eskaini diete Endika eta Gorkari.
Elkartasun Keinuak hasi dira Done Petrin. Alex Arregi deustuar musikariak gitarra eskutan kantatzeari ekin dio. Arregik adierazi duenez, Urtzi eta Telle "asko maite ditugu eta, hori entzuten ez badudete ere, hori horrela da".
Deustualdeko musikariek, txandaka, eskainiko dute kontzertua.
Gaurkoa "Elkartasun Askegunea" izango dela gogoratu dute Grebalariak Aske! plataformako kideek. Askeguneko parte-hartzaileei Askegunearen izaera "errepestatzeko" eskatu diete eta "Poliziari bizkarra emateko": "Probokazaioetan ez sartzeko".