Grebalariei babesa agertzeko Askegunea

Urriaren 11an Askegunea deitu du Grebalariak Aske plataformak

uriola.eus 2014ko urr. 2a, 12:14

Euren burua espetxean entregatzeko hamar eguneko epea eman zien Bizkaiko Auzitegiak. Epe hori gaur, urriak 2, bukatu zaie Urtzi Martinez eta Jon Telletxeari.  Grebalariak Aske plataformak Albiako lorategietan egindako agerraldian argi utzi du, "ez direla espetxean aurkeztu, eta ez direla aurkeztuko".

Goizeko 11:00etan jendetza bildu da Albiako lorategietan deituta zegoen elkarretaratzean parte hartzeko. Hain zuzen ere, agerraldi horren bidez, Urtzi Martinez eta Jon Telletxea grebalariei babesa helarazi diete, gaur zutelako espetxean aurkezteko azken eguna.

Agerraldian, Maitane Muñozek, Grebalariak Aske plataformaren izenean, gogora ekarri du "bidegabekeria honek luze jo" duela; orain dela bi urte atxilotu baitzituzten Urtzi eta Telle (Irantzu Yaldebere eta Aitor Fernandezekin batera), 2012ko martxoko greba orokorrean gertatutako istiluetan parte hartu izana leporatuta. Plataformak une oro salatu du bi urte eta erdiko espetxe zigorra "gehiegizkoa dela" margoketa batzuk egiteagatik.

Ondoren "epaiketa fartsa hasi zela" salatu du, bertan agerian geratu baitzen "auzi hau muntaia poliziala besterik ez zela; Ertzainek manipulatutako frogak eta zentzurik gabeko testigantzak oinarri hartuta".

Espetxean sartzeko hamar eguneko epea eman zieten eta gaurko egunean bukatu da epe hori, baina bi gazteak "ez dire espetxean aurkeztu eta ez dire aurkeztuko". Bi gazteek "desobedientziaren hautua" egin dute eta ondorioz, "haiei elkartasuna adierazi eta beste eredu sozioekonomiko bat aldarrikatzen jarraitzeko", urriaren 11n, larunbata, Grebalariak Aske plataformak Askegune bat antolatuko du Deustuko San Pedro plazan. 

Mugimendu feminista, eragile ekonomiko, erakunde politiko, gazte mugimendu eta sindikatuen artean bost orduko elkarretaratzea egingo dela iragarri dute. Goizeko 10:00etan abiatuko da Askegunea Done Petri plazan eta elkarretaratzeaz gain, beste hainbat ekintza egongo dira. Bukatzeko, eguerdiko 14:00etan, "ez zaituztegu bakarrik utziko" lelopean elkarretaratze masiboa deitu dute.

Gaurko agerraldira hurbildu diren herritarrei "elkartasuna adierazteko momentua" dela gogorarazi diete eta Askegunera gonbitea luzatzeaz gain, herritar oro "beharrezkoa" dela jendarteratu dute "denok grebalariak izan ginelako eta garelako!".

Urtzi eta Telleren gutuna

Bi gazteak ez dira gaurko elkarretaratzean egon baina bien izenean Irantzu Yaldeberek gutun bat irakurri du. Urtzi eta Tellek argi utzi dute bertan, atxilotu zituztenetik "bide luzea" egin dutela eta egoerak, bi urtez haien bizitzak eta maite dituztenenak "baldintzatu" dituela. "Beste eredu sozioekonomiko baten alde "kalean borrokatzeagatik" atxilotu zituztela salatu dute "Euskal Herri libre, sozialista eta feminista bat eraikitzen genbiltzalako". Eta horretan jarraituko dutela argitu dute; "desobedientziaren aldeko hautua egin dugu. Bide hau hartu dugu ez ditugulako instituzio arrotz hauek legitimatuko, justiziaren eta legearen artean justizia aukeratzen dugulako".

Entzun gutuna hemen

[2014/10/02] Urtzi Martinez eta Jon Telletxea grebalariek gaur dute kartzelan sartzeko azken eguna

[2014/09/16] Babes handia jaso dute espetxe agindua esku artean duten grebalariek

[2014/09/15] Jon Telletxea eta Urtzi Martinezen espetxeratze agindua dela eta, manifestazioa

[2014/08/18] Grebalariak Aske! plataformak elkarretaratzea egingo du gaur

[2014/07/16] Elkartasun keinu berria Deustualdeko bi grebalariei

[2014/07/07] Grebalarien aldeko elkartasun keinu berria Uribarritik

[2014/06/26] Grebalarien absoluzioa eskatu dute Bilboko kaleetan

[2014/06/25] Bilbo mailako manifestazioa egingo dute gaur gazte grebalariei babesa emateko

[2014/06/18] Deustuko bi grebalariak espetxeratu ez ditzaten ekimen ikusgarria egin dute plaza Eliptikoa

[2014/06/17] "Herri baten eskubideen defentsan kaleak hartzeagatik kartzela zigorrari aurre egin beharko diote Urtzi eta Tellek"

[2014/06/16] Grebalariak Aske! plataformak gaur emango ditu hurrengo mobilizazioen xehetasunak

[2014/06/13] Espetxe zigorra jaso duten bi grebalariei elkartasun agertzeko manifestazioa deitu dute