Grebalariei babesa agertzeko Askegunea

Urtzi eta Telleren atxiloketak grebalarien aldarria ozen zabaldu du

uriola.eus 2014ko urr. 11a, 18:06

Hirugarren saiakeran heldu da Ertzaintza Done Petriko kioskora, bultzada artean, herritarren 'Elkartasun Askegunea' urratuz. Greba eskubidearen defentsan ehunka lagunek, gorriz jantzita, parte hartu dute gaurko ekimenean. Tentsio une ugari izan dira herritar eta ertzainen artean, identifikatuak eta atxilotuak ere bai -plataformaren arabera bi atxilotu-, baina oraindik ez da kopuru zehatza ezagutzen. Urtzi Martinez Basauriko kartzelara eraman dute eta Jon Telletxea, berriz, Basurtuko ospitalera. Berak eskatuta dago ospitalean atxiloketa unean eskumuturreko lesio zahar batean min hartu baitu.

13:45 zirenean Urtzi Martinez eta Jon Telletxea Done Petri plazan agertu dira. Txalo eta "herria zuekin" eta "maite zaituztegu" oihu artean kioskoko teilatura igo dira. Herritarrek Done Petriko kioskoa inguratu dute Askegunea sortuz. Hirugarren saiakeran heldu da Ertzaintza Done Petriko kioskora, bultzada artean, lau lerroko zutabea osatuz. Plazan pasiloa ireki dute agenteek eta eskailera kokatu dute kioskoan. Urtzi eta Tellerekin hitz egin du ertzain batek.

Ez dira berehala jaitsi Deustualdeko bi grebalariak. Urtzik txalo egin du, ukabila altxatu du eta eskaileran behera egin du. "Aupa Telle" esan dio bere kideari. Eskuak bizkarrean lotuta atera dute plazatik. Tellek plazan batu direnei txalo eginez eskertu die jasotako babesa. Ertzainek besoetatik gogor heldu diote eta minez kexaka eraman dute furgonara.

Ez da asko gehiago luzatu 'Elkartasun Askegunea', besteak beste, Grebalariak Aske! plataformako kideek uneoro enfrentamenduak ekiditeko dei egin dutelako. Eskerrak eman dizkiete Done Petrira bertaratu direnei eta ekimenari amaiera emateko Internazionala eta Eusko Gudariak kantatzea erabaki dute. Askegunea bukatuta, plaza jendez hustuz joan da.

Ertzaintzaren bitartekoak eta tentsio uneak

Tirabirak izan dira agente eta herritarren artean. Batik bat, 14:00etatik aurrera areagotu da tentsioa. Agirre lehendakariaren etorbidea moztu eta Ertzaintzaren 26 furgoneta agertu direnean. Herritarrek bizkar eman diete eta Internazionala abestu dute. Urtzi eta Tellerentzako animo oihuak etengabeak izan dira. Pixkana, dozenaka agentek plaza bere egin du.

Ertzainek oharra eman dute, atxiloketa ez oztopatzeko eskatuz. Eskailera atera dute, Urtzi eta Telle kioskoko teilatutik jaisteko, baina ez erabiltzea erabaki dute. Bi zutabetan antolatu eta plazan sartu dira. Herritarrei pasiloa egiteko eskatu diete, eta horiek "denok gara grebalariak" oihu eginez erantzun diete. Ertzaintzak ezin izan du Done Petrin sartu jendetzagatik, harresiak lehenengo enbatari eutsi dio. Agenteek atzera egin dute.

Ertzaintzak bigarrenez egin du plazan sartzeko saiakera. Ezin izan dute kioskora iritsi. Herritarren sarea ezin izan dute apurtu. Berriro ere atzera egin dute. Orduan plazan sakabanatu dira, lerroa osatu dute eta Askegunean ez zeuden pertsonak Done Petritik aterarazi dituzte. Baita komunikazio guneko informatzaileak ere.

Hainbat pertsona ahalegindu dira ertzain arduradunekin hitz egiten, tartean EH Biduko Iker Casanova eta Maribi Ugarterburu, baina ez dute erantzunik jaso.

Enfrentamentuak izan dira, nahiz Grebalariak Aske! plataformak "lasaitasuna" eskatu eta poliziak sartzean "bizkarra" emateko esan. Elkartasun Askegunearen helburua "irautea" izan da, "ez herri harresia" egitea hainbat aldiz gogorarazi dutenez. Ertzainek mehatxuka porra atera eta jendea bultzatzean sortu dira liskarrak. Kolpatuak izan dira eta istiluetan neska bat lurrera jausi da. Bizpahiru gazte identifikatu dituzte eta, plataformaren arabera, bi lagun atxilotu dituzte. 

Lau orduko elkartasun keinuak

10:00etan abiarazi duten Askegunean hamaika herritar eta eragilek parte hartu du. Gizarteko ordezkari asko izan dira atxikimendua ematera Deustura gaur goizean bertaratu direnak. Besteak beste, gazteak, auzotarrak, talde feministak, politika eta sindikatuetako ordezkariak edota beste epaiketa batzutan auziperatutako bilbotarrak. Ordu erdiko txandak eginez eutsi diote 14:00ak arte "Urtzi eta Telle askatu" zioen pankartari.

Azkenik, Urtzi eta Telleren mezua irakurri dute. "Beste eredu sozioekonomiko baten alde kalean borrokatzeagatik atxilotu gintuzten. Euskal Herri libre, sozialista eta feminista bat eraikitzen genbiltzalako. Eta horretan jarraituko dugu, desobedientziaren aldeko hautua egin dugu. Bide hau hartu dugu ez ditugulako instituzio arrotz hauek legitimatuko, justiziaren eta legearen artean justizia aukeratzen dugulako".

Deustuko plazak une gutxi eman ditu isilik. Txalo eta oihuak entzuten ez zirenean, zuzeneko saioak entzun ahal izan dira. Alex Agirre, Eneko El Trovador de las Taskas, Endika LaHaine eta Gorka Suaia -Grebalariak aske abestia kantatu dute- eta Amaia, Turri, Ibon eta Aritz laukoteak musika emanaldia eskaini dute. Askeguneko kideak kantuan jarri dituzte, txaloka, eta egonaldia eramangarriago egin dute.

Jarraipena

Komunikabide eta informatzaile asko elkartu dira gaur Askegunean. Informazio eta berri zaparrada zabaldu dute Internet bidez. Askeguneak jendartean sortu duen jakin-minaren erakusle dira Twitterreko datuak. 25 minutuz #GrebalariakAske seigarren traola erabiliena izan da Espainiako estatuan.

 

Argazkiak: