Nagore Mujikaren atxiloketaren "zentzugabekeria eta krudeltasuna" salatu ditu Deustuko ezker abertzaleak

uriola.eus 2014ko urr. 21a, 11:18

Ehunka lagun bildu ziren atzo arratsaldean Deustun, Nagore Mujikaren atxiloketa errefusatu eta bere askatasuna exijitzeko. Nagore Soto del Realeko espetxera eramango dutela jakitera eman zuen auzoko ezker abertzaleak.

Manifestazioa arratsaldeko 19:30ak aldera abiatu zen Done Petri plazatik "Konponbideari erasorik ez! Nagore askatu!" lelopean eta auzoko kaleetan barrena deustuarraren askatasunaren aldeko oihuak nagusitu ziren. Bukaeran, Garazi Pereak, Deustuko ezker abertzaleko kideak, hartu zuen hitza bertan bildutakoei gogora ekarriz, Nagore espetxera bidaltzeko erabakia hartu zuela Ismael Moreno epaileak atzo goizean bertan, eta Soto del Realera eramango dutela.

Deustuko ezker abertzaleak atxiloketaren "zentzugabekeria eta krudeltasuna" salatu zituen, Nagore "bere etxean bizi baita eta bizitza publikoa egiten du". Gauzak horrela, "ez dute ulertzen, zergatik ez duten Auzitegi Nazionalean zitatu eta bere atxiloketa etxetik 700 kilometrotara izan den, dispertsioaren krudeltasuna aprobetxatuz".

Era berean, "Euskal Herriak egin nahi duen konponbiderako prozesuaren aurrean Estatuaren estrategiak errepresioa eta mendekua" direla argi daukate, "bestela zerk ematen dio zentzua 1994.urtetik zegoen atxilotze agindua orain ateratzeari?".

Hala ere, ezker abertzalearen "apostua sendoa" dela azpimarratu zuten eta "bake definitiboa, normalizazio politikoa eta herri gisa dagozkigun eskubideak eskuratzeko lanean jarraitzeko asmoa" erakutsi zuten.

Nagore "zer esan ez dakiela"

Naiz agerkari digitalak esandakoaren arabera, Nagore "oso harrituta" dago eta ez du ulertzen bere atxiloketaren zergatia.

[2014/10/20] Nagore Mujika bermerik gabe espetxera bidali du epaileak