Dispertsioaren aurkako sarea sortuko dute arratsaldean Deustun

uriola.eus 2014ko aza. 7a, 09:39

19:00etan, dispertsioaren aurkako sarea sortzeko asmoa daukate Deustun. Gauzak horrela, auzoko frontoia euskal preso politikoen alde betetzeko erronka luzatu diete deustuar zein bilbotarrei orori.

Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarra irailaren 20an aurkeztu zuten Miribillan. Bertan, dispertsioarekin amaitzeko beharra azpimarratu zuten eta arlo politiko, juridiko, kultural, instituzional eta akademiko ezberdinetako herritarrek parte hartu zuten bertan.

Ekitaldiaren bidez, apirilera bitartean sakabanaketarekin bukatzeko emango ziren urratsak jendarteratu zituen Sarek. Besteak beste, dispertsioaren liburua argitaratzeko asmoa erakutsi zuen, Euskal Herrian ematen den "eskubide urraketa" modu argian azaltzeko. Azaroaren 1ean, liburuaren 500.000 aleak prest zeudela jakinarazi zuten.

Dinamikak aurrera pausoak ematen jarraitzen du; baita herri zein auzoetan ere. Gaur, azaroak 7, 19:00etan, deustuarrek, euskal preso politikoen alde auzoko frontoia betetzeko asmoa agertu dute. 

[2014/09/20] Milaka lagun bildu dira Miribillan sakabanaketarekin amaitzea exijitzeko