Bilboko alkateek frankismoan jarritako kale izenak (hiri osoan 123 kale orotara) aztertzeko txostena agindu dio EHUko irakasle talde bati. Aipatutako kale horien artean Euskal Autonomia Erkidegoko Ikur Frankistak Kentzeko Batzordearen Gomendio Irizpena-rekin bat egiten dutenak kenduko dituzte eta, horien ordez, izen berriak jarriko dira, emakumezkoenak lehenetsiz.
Lehen proposamanetako bat da Ibarrekolanda, San Inazio eta Elorrieta Herri Berria auzo elkarteak egindakoa. Pedro Astigarra plazari izena aldatu eta Independentzia plaza izena ipintzeko eskaria eramango du hurrengo Udalbatzako Osoko Bilkurara. Auzo elkarteak, duela zazpi urte, Pedro Astigarraga plazan ikurrina eta plaka kokatu zituen. Auzotarren ekimen sinboliko batean Independentzia plaza izena eman zioten Pedro Astigarra plazari. Orain Udalbatzak "berrestea baino ez da falta" adierazi dute auzo elkarteko kideek.
Pedro Astigarraga Amezaga, medikua. 1938an Jose Maria Gonzalez Kareaga alkate frankistak Bizkaiko Osasunaren Mankomunitateko ordezkari izendatu zuen.
Aipatutako Irizpenak bost atal ditu: kale izendegiak, sinbolo bereziak, etxebizitza-plakak, frankismoko kargu publikoen koadroak eta ohorezko herritarren edo kutunen izendapenak. Kale-izendegiari dagokionez Deustun egun indarrean dauden Frankismoan jarritako 31 izenen artean lau, gutxienez, sartzen dira irizpenak kentzeko aholkatzen duenen artean: Placido Kareaga eta Eliseo Migoia (Deustuko Doneperiagan) eta Pedro Astigarraga eta Gregorio Balparda (San Ignazio-Tellaetxen). Kareaga, Astigarraga eta Balparda Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Gerra Zibila eta diktadura goraipatzen duten Euskadiko ikur eta monumentu publiko-en katalogoan agertzen dira.
[2015/04/14] Frankistei eskainitako kaleak kale-izendegitik kentzeko prozesua martxan da